Igartubeiti eta Mirandaola bisitatzeko aukera asteburuan, Ezkutuko Altxorrak programaren baitan
Doako bisitak izango dira, baina aldez aurretik izena eman behar da Urola Garaiko Turismo Bulegoan.
Ezkutuko Altxorrak programaren barruan, bi ekitaldi izango dira asteburu honetan Goierri garaiko herrietan. Doako ekintzak dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da parte hartzeko, eskualdeko turismo bulegoaren 943 72 20 42 telefono zenbakira deituta.
Larunbatean, Ezkioko Igartubeitin Ehundu familian tailerra izango da aukeran, 16:30ean hasita. 6-12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta Igartubeiti baserria zeharkatzean datza, baserriko lanbideak ezagutuz, horien artean ehungintza. Amaitzeko, ehuna sortuko da.
Igandean, Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukera izango da, 12:00etan. Olagizonek, garai batean bezala jantzita, makineria guztia martxan jarriko dute ikuskizun bikaina eskainiz. Amaitzeko, ola pintxoa emango dute dastatzeko.