Ilintxak festa egun handia ospatuko du bihar
Futbol klubak bihar amaituko du 75. urteurrenaren ospakizuna bazkari handi batekin. 300dik gora lagun elkartuko ditu bazkaltzeko, Azokan, eta agurrak eta omenaldiak izango dira bertan, baita musika ere ondoren Puro Relajo taldearekin.
Legazpiko Ilintxa futbol elkartearen 75. urteurreneko ospakizunak amaierara iritsi dira. Bihar egun osoko festa ospatuko dute pandemiaren erruz atzeratuta ospatzen ari diren urteurren borobil hori agurtzeko. Bazkari handi bat egingo dute Azokan, eta bertan agurrak eta omenaldiak ez dira faltako, ezta musikarik ere, eguna ixteko Puro Relajo talde nafarraren emanaldia izango delako plazan 20:30ean.
Agur bereziak
Aurretik futbol giroa ez da faltako, baina festa ofizialki 15:00etan hasiko da Azokan, Ilintxaren familian hildakoak gogoratzeko prestatu duten In memorian bideoaren proiekzioarekin. Bazkarian zehar, bideo gehiago jarriko dituzte, eta agur ugari iritsiko dira, tartean sorpresaren bat edo beste izango dela.
Dani Garrido kirol kazetari legazpiarrak ere parte hartuko du festan eta zuzeneko konexioa egingo dute berarekin postreen aurretik. Garridok, bestalde, ahotsa jarri du bazkalondoren eskainiko duten bideorako; Ilintxaren historia laburra jasotzen duen bideoa da.
Omenduak eta ereserkia
Omenaldiak 17:15ean hasiko dira, eta omenduen artean Irene Paredes futbolari ospetsua dago. Legazpiar jokalaria ezin izango da bertan izan, baina horrekin ere bideo bidez hitz egingo dute, zuzenean.
Omenaldia jasoko du ere Txolarte elkarteak, «sentsibilitatearen eredu delako, eta bere kideek kolorea eta berotasuna ematen dutelako gure partidetan».
Manuel Sanchez jarraitzaileak ere jasoko du aitortza, «bere fideltasunagatik eta etengabeko animoengatik». Ilintxako hainbat estamentutan boluntario gisa lan egin duen Crisanto Sevillano ere omenduen artean izango da, «klubeko etapa desberdinetan agertu duen konpromisoagatik». Arrazoi berberengatik, zuzendaritzan urte askoan lan egin duen Teodoro Toquerok ere izango du Ilintxaren aitortza. Amaitzeko, Agustin Najera jokalari ohia eta entrenatzailea omenduko dute, «kategoria guztietan lan egin duen entrenatzaile bakarra delako».
Klubaren urrezko intsignia jasoko dute omenduek, eta aurreskua dantzatuko diete. Omenaldiekin amaitzeko, Ane Belokik Ilintxaren ereserkia interpretatuko du. Eta ondoren, festak Puro Relajo musika taldearekin jarraituko du, plazan.