Legazpiarrak Arantzazun izan dira erromesaldian
Urteroko ohitura berreskuratu dute, eta menditik 50-bat lagun joan dira. Meza 12:00etan izan dute, basilikan.
Gaur, irailaren 8a, Arantzazuko erromesaldiaren ohiturarekin bete dute legazpiarrek. Bi urteko etenaren ondoren itzuli da ohiko ‘peregrinazioa’, eta eguraldi bikainak lagunduta, 50-bat lagun joan dira oinez menditik zehar Arantzazuraino, Udanan hasi eta Kataberatik gora igota. Oinez joaten direnentzat hamaiketakoa jartzen du udalak, Amabirjinaren iturrian jateko, baina aurten iturri horretan urik ez zegoela eta, Eskistako txabolaren inguruan hartu dute mokadua.
Mendizaleez gain, udalak jarritako autobusean eta kotxe partikularretan ere joan dira legazpiar ugari Arantzazuraino. Hango basilikan meza izan dute 12:00etan, herriko agintariak bertan zirela. Aurten herri bazkaririk antolatu ez dutenez, asko eta asko inguruko jatetxeetan geratu dira bazkaltzen.