Astean zehar eman behar da izena Legazpiko Erreka Egunean parte hartzeko
Hilaren 24an izango da. Urola ibaia eta inguruko errekak garbituko dituzte boluntarioek.

Legazpiko Erreka Eguna hilaren 24ko goizean izango da aurten, eta udalak irekita du izena emateko epea. Ohi bezala, larunbat horretako goizean boluntarioek Urola ibaia eta ondoko errekak garbituko dituzte, hainbat taldetan banatuta, eta talde horiek antolatzeko aurrez izena eman behar da. Ostirala, hilaren 16a, da horretarako azken eguna. Izen-ematea Domingo Agirre eskolan, Haztegi ikastolan eta Olazabal institutuan, udaletxean edo www.legazpi.eus webgunean egin daiteke.
Erreka Eguna 2004an sortu zen Legazpin, orduan egiten zen Eskola Agenda 21 foroaren baitan. Ordutik urtero egin da, 2020an izan ezik. Egun horretan ez dira erreka bazterrak garbitzen, baizik eta ubidean eta bazterretan dauden zaborrak. Lana amaitutakoan, bildutako zabor guztia ikusgai jartzen da da udaletxe ondoko plazan, ibaiak garbi mantentzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
Ohi bezala, Erreka Eguna festa giroan amaituko da, Katta-gorri elkarteak Azokan eskainitako hamaiketakoarekin.
ERREKA EGUNA. Irailaren 24an, 9:30etan.
Familiarekin eta lagunekin gozatzeko aukera paregabea!
Animatu zaitez eta har ezazu parte!!!!
Ondoren, zure taldea zein den jakiteko irailaren 22an webgunea kontsultatu!