Zaldibiako festak prestatzeko azken bilera gaur izango da
Egitarauaren aurrerapena aurkeztuko dute Festa Batzordean, eta jai gunearen berri ere emango dute. Protokolo feminista ere landuko dute. Herri Antzokian, 18:30ean da bilera.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/09/zaldibiako_festak_2018.jpg)
Zaldibiako Santa Fe jaiak hasteko hiru aste falta direnean, antolakuntza batzordeak gaur, asteazkena, irailaren 14a, egingo du prestaketako hirugarren eta azken bilera. Herri Antzokian 18:30ean elkartuko dira herriko eragile eta taldeetako ordezkariak, eta antolakuntzan ari diren herritarrak.
Azkeneko bilera programatua da, eta gaur azalduko diete batzordekideei festen egitaraua. Festa gunearen eta protokolo feministaren berri ere emango dute arduradunek.
Udalak aurreratu du aurten festetarako “lanketa berezia” egin dela. Festa batzordearen funtzionamenduak azken urteetan “hobekuntzak” behar zituela “nabaria” zelako hartu dute bide hori, “guztiontzako eta guztion neurriko festak antolatze aldera”.
Jaiak modu askotara bizi dituzten herritarrei “entzutea” izan da egiteko bat. Hala, talde eta eragileetako jendeaz gain, bilera sortara “festen hartzaile den profil sorta zabala” gonbidatu du udalak. Azken bilera honetan, aurreko bietan parte hartu ez duen norbaitek joan nahiko balu, aukera badu. Udal webguneko galdetegia bete behar du, izena emateko.
Bilera bukatutakoan, jaien antolaketa prozesuan parte hartu duten herritar eta elkarteetako ordezkariekin talde argazkia aterako dute, eta mokadutxoa egingo dute gero Illati tabernan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/09/zaldibiako_festak_2018-500x333.jpg)
Zaldibiako festak 2018an./Zaldibiako Udala