Legazpiko Udalak ura eraman du Arrobiko larre publikoetako ganaduarentzat
Lehortearen eraginez, ur-biltegia agortzen hasita zegoen eta ganaduzaleak kezkatuta zeuden.
Legazpiko Udalak ura jaso zuen atzo Arrobiko larre publikoetara, herriko ganaduzaleen kezkari erantzunez. Azken asteotako lehortearen ondorioz, Arrobin dagoen 30.000 metro kubikoko ur biltegia agortzen hasita zegoela sumatu zuten, eta ganadua urik gabe geratu baino lehen luzatu zioten eskaera udalari.
Udalaren kamioian eraman zuten ura atzo goizean, 1.000 litro kubikoko zortzi deposituetan. Arrobiko biltegira bota zuten, eta inguruan dagoen aska ere bete zuten. Biltegiko ura ponpatzeko sistema konpontzeko premia ere ikusi zuten, eta laster ekingo diote lan hori.
Ez da lehen aldia mendiko ganaduarentzako ura eramaten dena herritik, inoiz suhiltzaileak ere igo izan direlako kamioiarekin ur biltegi hori betetzera.
Legazpiko beste mendi batzuetan dagoen ganaduak ere jasan ditu lehortearen eraginak, eta Lakiolatik eta Arrolamenditik, adibidez, herri aldera jaitsi dira ur bila.