Datorren urteko udal zergetan ez dela igoerarik izango jakinarazi du alkateak
Udaleko talde sozialistaren bozeramaleak egindako eskaerari erantzun dio horrela, igandean komunikabide batean argitaratutako oharra gaitzetsiz. Gobernu taldeak hartutako erabaki horren berri bazuela dio.
Udaleko talde sozialistaren bozeramalearen adierazpenekin igandean komunikabide batek argitaratutako albisteari buruz hitz egiteko, prentsaurrekoa egin du Legazpiko alkate Koldobike Olabidek gaur goizean. Hurrengo urteko udal zergetan igoerarik ez aplikatzea eskatzen zion albiste horretan Oscar Valbuenak alkateari. Olabidek esan du sorpresaz hartu zuela eskaera, ostiralean bertan jakinarazi zielako udaleko talde guztiei gobernu taldeak zergak “izoztea” erabaki zuela.
Olabidek azaldu duenez, zergen ordenantza garai honetan hasten dira lantzen urtero, hurrengo urteko aurrekontuei begira. Ohikoa KPIren igoera aplikatzea omen da, baina indize hori oso altua izanik, %9,6koa uda aurretik, ehuneko hori ez aplikatzea erabaki zuten taldekideek, eta %3a bakarrik igotzea proposatu zuten, hala jakinaraziz gainerako alderdietako ordezkariei. Sozialistek bakarrik erantzun omen zuten, zergak “izoztea” eskatuz. Horren aurrean eta “abuztuan KPIak igotzen jarraitu zuela” ikusita, sozialisten eskaerarekin bat egin eta zergetan igoerarik ez ezartzea erabaki zutela adierazi du Olabidek.
Erabakia joan den astean hartu zuten, eta horren berri ostiral goizean eman zien gainerako taldeei, baita sozialistei ere. Horregatik “harriduraz” hartu zuen igandeko albistea.
Legazpiarren egoeraz kezkatuta
Alkateak adierazi duenez, udaleko gobernu taldea ekonomiaren bilakaeraz eta horrek Legazpiko familietan, enpresetan eta autonomoetan duen eraginaz kezkatuta dago, eta horregatik hartu dute zergak ez igotzeko erabakia. Horretan, udalaren egoera ekonomikoa osasuntsu egoteak eta foru aldundiaren aldetik etorriko diren diru sarreretan jaitsierarik ez aurreikusteak ere izan dute eragina.
Hurrengo urtean udal zergak ez igotzea Legazpiko familien, enpresen eta autonomoen ekonomiarako “albiste ona” dela esanez amaitu du.