Festa egingo dute Legazpin 80 urtetik gorakoekin
Bi urteko etenaren ondoren itzuliko da topaketa. Urriaren 19an izango da. Bazkaria egingo dute Azokan, eta omenaldiak egingo dituzte.
Bi urteko etenaren ondoren, 80 urtetik gorako legazpiarren festa hurrengo urriaren 19an ospatuko da. Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur Maite Lonbide gizarte gaietarako zinegotziak, Asun Ugarte Nagusilaneko Legazpiko koordinatzaileak eta Iñigo Alberdi Buztintegi elkarteko lehendakariak. Hiru erakunderen artean antolatu dute festa.
Urriaren 19a egun berezia izango da, beraz, 80 urtetik gorako legazpiarrentzat. Eguna 12:30ean hasiko da, mezarekin, eta Azokan egingo den bazkariarekin izango du jarraipena. Bazkalaurretik bertara inguratutako emakumezko, gizonezko eta bikote adinduenak omenduko dituzte, eta bazkalondoren Alaitasuna Errondailaren emanaldia izango da.
Bazkarian parte hartzeko izena eman behar da, eta 10 euro ordaindu. Hurrengo astelehenean, hilak 26, irekiko dute epea, eta urriaren 7ra arte egongo da zabalik. Gizarte Zentroan eman behar da izena, Buztintegik beheko solairuan duen bulegoan, 11:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 19:00etara.