Aralarko barrunbeetako zaborrak ateratzeko auzolanerako deialdia egin du Mankomunitateak
Arritzagako aranean aurkitzen den ARR19 meategiko barrunbearen garbiketa egingo dute, larunbatean. Egindako estimazioen arabera tona bat zabor egon daiteke bertan.
Enirio-Aralar Mankomunitateak Arritzagako aranean aurkitzen den ARR19 meategiko barrunbearen garbiketa egingo du auzolanean, larunbatean, hilak, 24.
Parte hartzaile guztiak goizeko 9:00etarako Buruntzuntzin-en egotea komeni da. Horretarako, eta ibilgailuak partekatzeko helburuarekin, goizeko 8:00etan Amezketako plazan egingo da lehen elkartzea.
Enirio-Aralarko Mankomunitateak eskertuko luke bertaratzeko asmoa duten elkarte edo norbanakoen baieztapena egitea, enirioaralar15@gmail.com epostara idatzita. Ura, hamaiketakoa, eguzkitako krema eta kapela eramatea gomendatzen da.
Iaz, Saltarri
Iaz, Saltarriko leizearen garbiketarekin hasi zen Enirio-Aralar Mankomunitatea, Aralarko leize eta mehategiak garbitzeko programarekin, eta larunbatean, Arritzagako aranean aurkitzen den ARR19 meategiko barrunbearen garbiketarekin emango dio jarraipena.
Programa honek Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzeko emandako finantziazioarekin egiten da, barrunbe hauek europar intereseko habitatak baitira eta Euskadiko espezie mehatxatuen zerrendan dauden espezie ugariren bizileku gainera, hainbat saguzarren kasu.
Gainera, barrunbe hauetatik doazen lurpeko uren kalitatea hobetu nahi da, besteak beste beheko herrietan aprobetxatzen direlako.
Egindako estimazioen arabera tona bat zabor egon daiteke bertan, pisurik handiena banatzea ezinezkoa den errefusak edukiko du, baina beira ugari aterako dela ere uste da, eta plastiko bolumena ere kontuan hartzekoa izango da.
Leizearen sarreran 5 metrotik gorako sakonerako jauzi bertikala dagoenez, barruko garbiketan Felix Ugarte Espeleologi taldeko adituak bakarrik arituko dira, baina leizearen kanpoaldeko lanetan era guztietako mendizaleen laguntza espero da.