Ataungo egoera sozioekonomikoaren azterketa egingo dute
ATAUN // Ataungo egoera sozioekonomikoaren argazki bat aterako du udalak, Aztiker enpresaren bidez. Hirigintza Plan Orokorra berritzen hasi aurretik, jarduera ekonomikoaren ehuna nolakoa den jakin nahi dute. Hiru fase izango ditu: Aurrena, jarduera ekonomikoren bat egiten duten ataundarren iritziak, bizipenak eta proposamenak jasoko dituzte. Ondoren, eragile eta arloko pertsona jakin batzuekin sakonduko dute. Eta hirugarren fasean, herritar guztiek izango dute ekarpenak emateko aukera. «Hirigintza Plan Orokorra berritzen hastekoak gara, eta, horretarako, behar-beharrezkoa izango da egoera sozioekonomikoaren azterlanean ahalik eta partaidetzarik zabalena izatea», azaldu du udalak.













