Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua Goierrira iritsiko da, Zegamara
Zegamako mendi duatloi proba larunbatean jokatuko da. Goierrin jokatuko diren hiru probetatik lehendabizikoa izango da. Bigarren proba Arriaranen antolatuko dute, urriaren 1ean
Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua Goierrira iritsiko da, lehen bi proben ostean. Zegamako mendi duatloia larunbatean jokatuko da. Banakako eta binakako lasterketak jokatuko dira.
Banakakoak 16:00etan irtengo dira eta bikoteak bost minutu beranduago, 16:05ean. 25 kilometro pasako bidea izango dute aurretik: herrigunetik atera eta Aldaola aldera igoko dira, bizikletan. Utzi eta korrika abiatu beharko dute, tontorreraino. Sancti Spiritu aldetik igoko dira eta San Adriandik, jaitsi. Azken kilometroak berriz bizikletan egin beharko dituzte, etorritako bidetik.
Izena emateko epea larunbatera arte egongo da irekita, banakako zein binakako probetarako. kirolprobak.com webgunean eman behar dute izena parte hartu nahi dutenek. 20 lagunek izena eman dute dagoeneko, erdiak binaka eta beste erdiak, banaka.
Paul Bereziartua sailkapeneko lehendabizikoak baieztatu du Zegaman izango dela; Goierritarren artean Josu Urrestarazu idiazabaldarra bereizi daiteke. Igantziko proba irabazi eta sailkapeneko lehen liderra bilakatu zen. Ibarran ez zen lehiatu eta sailkapenean behera egin zuen baina asteburuan irteera marran izango da. Enara Oronozek, nesketan onenak, oraindik ez du izena eman.
Arriaran, segidan
Euskal Herriko 12. mendi duatloi zirkuituko hurrengo proba ere Goierrin jokatuko da, Arriaranen, urriaren 1ean. Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago, kirolprobak.com atarian.
Goierrin jokatuko den beste proba, hirugarrena, Igartzakoa izango da. Aldi berean, zirkuituko azkena izango da. Orduan jakingo da Euskal Herriko zirkuituko garailea nor den. Azaroaren 11n izango da zita. Hemengo izen ematea ere irekita dago.