Matematikak gozo-gozo ikasteko gonbidapena
Institutuan matematika irakasle izandako urteetan garatu zuen sistema propioa liburu batean bildu du Ana Santiagok Lurdes Ulaziaren laguntzarekin. Bihar aurkeztuko du lana Legazpiko Kultur Etxean.
Azken urteetan Legazpiko Olazabal institutuan ikasi dutenek gogoan izango dituzte Ana Santiagoren matematika klaseak, eta gai hori erakusteko martxan jarri zuen txokoa, Txokomates izenekoa. Sistema propioa sortu zuen, eta ohiko eragiketak egiteko edo lezioak erakusteko, plastikozko botilen kolore askotako tapoiak, egurrezko pieza txikiak, hari zatiak… erabiltzen zituen, batez ere ikasleen intuizioa garatzeko eta sustatzeko.
Orain jubilatuta dago Santiago, eta egindako lan hura eta bildu zuen material mordoa liburu batean jaso du Lurdes Ulazia Lehen Hezkuntzako irakaslearekin batera. Txokomates, Txokolate zaporeko mate laborategia da liburuaren izenburua, eta bihar aurkeztuko dute biek, Legazpiko Kultur Etxean, 18:30ean.
Matematikekin gozatu
Txokomates izena hitz joko baten emaitza da. Santiagok 2004 inguruan blog bat jarri zuen martxan, eta harentzako izen bila ari zela, ikasleekin izandako elkarrizketa bat gogoratu zuen: «Matematikak, sufritu nahi baduzu, sufritzeko dira, baina disfrutatzeko ere bai, dastatzeko, jateko modukoak dira» esan zien berak, eta handik egin zuten lotura ikasleek txokolatearekin. Horrela, hizki bakar bat aldatuta, txokomates sortu zuten denen artean. Blogaren helburua ikasleekin baliabideak partekatzea zen batez ere.
Harekin batera, izen berezko txoko fisiko bat ere sortu zuen institutuan, «matematika laborategia eta tailerra; tailerra gauzak eraikitzeko da, eta laborategia ikertzeko».
Plastikozko botilen tapoiak
Txokomates «etxeko marka» bihurtu zela dio Santiagok, eta horixe bera erabili du libururako. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako curriculumari begirako edukia du, matematikaren ingurukoa, baina Lehen Hezkuntzara ere zabaldu daiteke.
Klasean azalpenak ematerakoan sortutako edukia da. «Zerbait azaltzen hasten nintzenean, hobeto ulertzeko ‘imaginatu hau horrela izan daitekeela…’ esaten nuen, baina egun batean ‘imaginatu’ hori zerbait fisiko bihurtu zen». Lego jokuko piezekin aurretik esperientzia batzuk bazeudela jakinda, material praktikoago eta merkeago bat aurkitu zuen: plastikozko botilen tapoiak, tamaina eta kolore desberdinetakoak. «Horiekin hasi nintzen, eta X, positiboa, negatiboa, plus, minus… eta beste kontzeptu batzuk adierazteko kode bat adostu genuen denon artean». Horrela, «pieza horiek manipulatuz, gauzak ukituz eta sentituz, zenbaki osoak, ekuazioak, ekuazio sistemak, polinomioak… azaltzea lortzen nuen». Tapoien ondoren, material gehiago sortu zuen: triangeluak, egurrezko piezak, baita «ebaztometroa» tresna ere, ekuazioak ebazten laguntzen duena.
Material horrekin guztiarekin, eta beti ikasleen galderei eta premiei erantzunez, azkenean matematikak erakusteko sistema bat sotu zuen Santiagok, eta beste irakasle batzuei ere erakutsi zien nola erabili. Lurdes Ulazia da horietako bat, eta horren laguntzarekin eraman ditu liburura urteen poderioz bildutako esperientziak eta materiala.
Liburu proiektua
Argitaletxe batera baino gehiagora bidali zuten liburu proiektua, eta Bartzelonako Acanto etxearen arreta bereganatu zuen lanak. Horren babesean argitaratu dute Txokomates, Txokolate zaporeko mate laborategia, 187 orrialdeko liburua.
Zenbaki lehenak, deskonposaketa, faktorizazioa, multiplo komun txikiena, zatitzaile komun handiena, berreketak… kontzeptu horiek eta beste askok dute lekua bertan, eta azalpenak grafiko eta argazki ugariz lagunduta daude.
«Matematikak algoritmoak eta kalkuluak baino zerbait gehiago dira, hizkuntza bat da, mundua ulertzeko modu bat, eta liburu hau bidaia bikaina da» diote egileek, eta ikasle askorentzat erronka handia suposatzen duen gaiaz gozatzeko gonbidapena luzatzen dute.
Liburuaren prezioa 14,90 eurokoa da, eta aurkezpenaren egunean erosi ahal izango da. Gero, Elkar arduratuko da liburu-dendetan banatzeaz. Legazpikoaren ondoren, aurkezpen gehiago ere egingo dituzte egileek. Biharkoan, Santiagoren ikasle ohi batzuk izango dira, ziur.