Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, abiatzear
Asteburuan jokatuko dira txapelketaren lehen faseko sei saioetatik aurreneko biak Lehian diren bost goierritar bertsolarietatik bik dute saioa Nerea Elustondok bihar du estreinakoa Getxon, Iñaki Apalategik etzi Arrasaten Irabazlea zuzenean sailkatuko da, besteak puntuaketaz.
Bihar hasiko da Getxoko Muxikeberri zentroan 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Hiru hilabeteko bertso ibilia asteburuz asteburu, abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenako finalarekin bukatu aurretik. Guztira 42 bertsolari lehian (Maialen Lujanbio 2017ko txapeldunak finalean kantatuko du zuzenean), bost goierritar tartean: Nerea Elustondo legazpiarra, Iñaki Apalategi beasaindarra, Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrak, eta Iban Urdangarin ataundarra.
Hiru fasetan banatuko da txapelketa. Lehenengo fasea irailaren 24tik urriaren 9ra jokatuko da, eta herrialdeetako txapelketetatik sailkatutako 36 bertsolarik kantatuko dute. Seina bertsolariko sei kanporaketa jokatuko dira, bina asteburu bakoitzeko. Seikote bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara, eta beste hamahiru puntuazioz.
Finalaurrekoak urriaren 2tik abenduaren 3ra jokatuko dira. Lehen fasetik sailkatutako hemeretzi bertsolariei 2017ko bost finalista gehitu zaizkie fase honetan —Aitor Sarriegi beasaindarrak ez parte hartzea erabaki du—. Bi itzuli izango dituzte finalaurrekoek, eta puntu gehien pilatzen dituzten zazpi bertsolariek lortuko dute finalerako txartela. Iruñean da aurtengo finala.
Sarrerak aurrez edo bertan
Kanporaketa guztietarako nahiz finalerako sarrerak badaude oraindik, eta Interneten bidez (www.bertsosarrerak.eus) nahiz saio egunean bertan eros daitezke. Aretoetako lehiatilak 15:00etan zabalduko dituzte, eta ateak 16:00etan. Bertsozale elkarteak gogoratu du sarrerak zenbakitu gabeak direla, eta garaiz ibiltzeko gomendatu du. Lehen faseko saioetarako sarrera arruntak 12 euro balio du —bazkideek 10—, finalaurrekoetakoak 17 —bazkideek 14— eta finalekoak 42 —bazkideek 30—. Aurtengo txapelketaren sintonia Nerea Erbiti musikari iruindarrak eta haren taldeak ondu dute.
LEHEN FASEKO LEHEN BI SAIOAK
Larunbata, hilak 24
Eguna. Bihar, larunbata.
Ordua. 17:00.
Lekua. Getxoko Muxikebarri zentroa.
Bertsolariak. Agin Laburu Rezola, Eneko Lazkoz Martinez, Nerea Elustondo Plazaola, Oihana Bartra Arenas, Peru Abarrategi Sarrionandia eta Unai Mendizabal Jauregi.
Aurkezlea. Imanol Artola Arretxe ‘Felix’.
Igandea, hilak 25
Eguna. Etzi, igandea.
Ordua. 17:00.
Lekua. Arrasateko Amaia Udal Antzokia.
Bertsolariak. Gorka Pagonabarraga Agorria, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Miren Amuriza Plaza, Saioa Alkaiza Guallar eta Xabier Silveira Etxeberria.
Aurkezlea. Ander Aranburu Arriola.