Aurrekontu parte hartzaileetan proposamenak aurkezteko epea bihar amaituko da
Legazpiko Udalak 300.000 euro gordeko ditu hurrengo urteko aurrekontuetan, herritarrek proposatu eta aukeratutako sei proiektu gauzatzeko.
Bihar amaituko da Legazpiko udal aurrekontu parte hartzaileetan proposamenak aurkezteko epea. Udalak martxan jarritako parte hartze prozesu honen bidez, herritarrek hurrengo urteko aurrekontuetarako hainbat inbertsio proiektu proposatzeko aukera dute.
Sei proiektu aukeratuko ditu horrela udalak herritarren partaidetzarekin, eta bakoitzari 50.000 euroko partida emango dio, hau da, guztira 300.000 euro gordeko ditu proposatutako proiektu horiek gauzatzeko. Udalaren LegazpiOn aplikazioaren eta web orriaren bidez egin daitezke proposamenak, baita udaletxeko Herritarrentzako Arreta Bulegoan ere.
Parte hartzen duten herritarren artean Legazpiko dendetan gastatzeko 50 euroko txartela zozkatuko du udalak.
Aurrekontu parte hartzaileen bidez hainbat proiektu gauzatu ditu udalak aurreko urteetan. Itxaropen auzora doazen eskailerak konpontzeko lanak dira proiektu horietako bat, eta laster hasiko dira.