Buztintegik 25. urteurrena ospatuko du urrian zehar
Jubilatuen eta pentsionisten elkarteak hainbat hitzaldi eta ikus-entzunezko emanaldi antolatu ditu datozen asteetarako, eta aurrerago herri mailako joko txapelketa egingo dute. Larunbatean, elkarteko bi sukaldarik gizarte zentroen Gipuzkoa mailako marmitako lehiaketan parte hartuko dute, Beasainen.
Buztintegi jubilatuen eta pentsionisten elkarteak 25 urte bete zituen iazko urriaren 16an, eta urte bete beranduago hasiko da ospatzen urteurren borobil hori. Urria hitzaldiz eta ikus-entzunezkoez bete dute elkarteko zuzendaritza taldekoek, eta oraindik datarik ez badu ere, herriko elkarteen arteko joko txapelketarekin itxiko dute egitaraua.
Ospakizunak herri osora zabalduko dituzte, eta horregatik, guztien intereseko gaiak aukeratu dituzte hitzaldietarako. Hala, borondate aurreratuei edo bizi testamentuari buruz hitz egingo dute urriaren 6an, diruari buruz urriaren 27an, eta Alkoholiko Anonimoen elkarteak jardungo du azaroaren 3an. Hitzaldi guztiak Kultur Etxean izango dira, 18:00etan.
Ikus-entzunezko emanaldien gaia, berriz, Buztintegi bera izango da, eta urriaren 13an elkartearen historia errepasatuko dute irudien bidez, eta urriaren 20an egin dituzten azken bidaia eta txangoen argazkiak emango dituzte. Bi emanaldiak Kultur Etxean izango dira, 18:00etan.
Herri mailako joko txapelketa ere prestatzen hasiak dira. Belaunaldi desberdinak eta helburu askotariko elkarteak bildu nahi ditu txapelketak, eta, besteak beste, herriko ikastetxeen partaidetza ziurtatuta dute. Musa (zortzi erregeetara), tutea, briska, eskoba, seirak, punttua, igela, toka, botea eta xakea izango dira jokoak. Parte hartu nahi duenak Gizarte Zentroan eman behar dute izena.
Ohiko jarduera
Bitartean, Buztintegiren egoitza den Gizarte Zentroan jarduerak ez du etenik izango, eta hilaren hasieran abiatutako informatika, yoga, gimnasia, dantza, joste lan, pintura, xake, memoria, ingeles eta eskulan tailerrek eta bingoak bere ohiko martxarekin jarraituko dute.
Asteburuan, bestalde, hitzordu garrantzitsu bat du elkarteak Beasaingo jubilatuen zentroan, bertan egingo den Gipuzkoako gastronomia lehiaketarako sailkatu delako Legazpiko bikotea Zumarragakoari eta Urretxukoari irabazi ondoren. Buztintegiko Juan Valbuenak eta Bernardino Jesus Paredesek egindako marmitakoa izan zen onena eskualde mailako txapelketan, eta larunbatean Beasainen erakutsiko beharko dute berriz sukaldari onak direla.
Egitaraua
Urriak 6. Hitzaldia: Borondate aurreratuak, bizi testamentua, eutanasia, Hurkoa Fundazioko Andikona Uriarte abokatuarekin. 18:00, Kultur Etxea.
Urriak 13. Ikus-entzunezkoa: Buztintegiren historia. 18:00, Kultur Etxea.
Urriak 20. Ikus-entzunezkoa: Azken bidaiak eta txangoak. 18:00, Kultur Etxea.
Urriak 27. Diruari buruzko hitzaldia: Alderantzizko hipoteka, fiskalitatea, herentzia edo dohaintza, testamentua, on line bankua, bizuma, bitcoin-a, phishing-a, iruzurrak… Luis Mari Muruarekin. 18:00, Kultur Etxea.
Azaroak 3. Hitzaldia: Alkoholiko Anonimoak. 18:00, Kultur Etxea.
Datarik gabe. Herri mailako joko txapelketa: Musa (zortzi erregeetara), tutea, briska, eskoba, seirak, punttua, igela, toka, botea eta xakea.