Gazteek hartuko dute parte osteguneko LegazTipi-tapan
Ibilbide eta paseo osasungarriaren aitzakiarekin, belaunaldien arteko gizarte harremanak sustatzea da helburua. Latxartegin aurkeztuko dute ostegunean ekimen berria.
Belaunaldien arteko topaketa izango da ostegun honetatik aurrera LegazTipi Tapa, ikasturte osoan zehar herriko hiru ikastetxeetako ikasleek ere parte hartuko dutelako. Horrela, 2014ko maiatzean udalak eta osasun zentroak martxan jarritako ekimenak hasieratik zituen helburuetako bat beteko du: belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko harremanak sustatzea.
LegazTipi Tapak jarduera fisikoa lagun artean egitea sustatu nahi du, eta horretarako ibilbide seguruak eta lauak proposatzen ditu, zailtasunak dituzten pertsonei egokitutakoak. Ostegun goizetan egiten dute hitzordua plazan, 10:30erako, eta bertan elkartzen dira paseo horietan parte hartu nahi dutenek eta bidean laguntzen dieten boluntarioek.
Tipi Taparen sustatzaileek ekimenaren oso balorazio positiboa egin dute, bai jarduera osasungarri den aldetik, bai gizarte harremanak indartzeko jarduera den aldetik.
Ikasleen parte hartzea
Orain, gizarte harremanen alderdiari begira, pandemia aurretxoan egindako esperientzia bat berreskuratuko dute, eta herriko ikasleak inplikatuko dituzte berriro. Orduan, 2020ko otsailean, TipiTapa berezi bat egin zuten, herriko bi ikastetxetako ikasleekin eta Iratzarri elkarteko hainbat kiderekin, eta belaunaldien arteko ikuspegitik handitu egin zuten parte hartzea.
Ikasleen parte hartzearekin bide beretik joko dute, taldea zabaltzen jarraitzeko asmoz. Ikasleez gain, edozein pertsona izango da ongi etorria Tipi Tapan, elkarte edo erakunderen batekoak izan ala ez. Horiei dei berezia egiten zaie, ostegunean 10:00etan Latxartegi aretoan egingo den belaunaldien arteko LegazTipi Tapa ekimenaren aurkezpen ofizialera.