Kepa Zubiarrain jarriko du Lazkaoko EAJk berriro udal hauteskundeetan zerrendaburu
Gaur egun Lazkaoko alkate denak errepikatuko du 2023ko bozetan alkategai modura. 2019-2023 agintaldi honetan "lan oparoa" egiten ari dela balioetsi du EAJren herriko batzordeak, eta aho batez izendatu dute.

Lazkaoko EAJk 2023ko udal hauteskundeetarako alkategai eta zerrendaburu postuan Kepa Zubiarrain Erauskin (Lazkao, 1969) aurkeztuko du. Gaur egun Lazkaoko alkatea denak errepikatuko du, horrenbestez, 2023-2027 agintaldirako ere udal gidaritza eskuratu nahian. EAJren herriko batzordeak aho batez onetsi du Zubiarrainen alkategai figura, lau urteko honetan “lan bikaina” egiten ari dela iritzita. Batzordeak eskerrak eman dizkie oraingo zinegotzi jeltzaleei ere, pandemiak markatutako agintaldian “lan bikaina” egin dutela erantsita.
Hirugarren aldiz aurkeztuko da Zubiarrain udalerako hauteskundeetan. 1995etik 1999ra zinegotzi izan zen EAJ-EA koaliziotik, alkateorde eta Ongizate sailaren arduradun izanez. 2019tik, alkate da. Lazkaon jaioa, bertan bizi da. Udalera iritsi aurretik, enpresa pribatuan jardun zuen, Beasaingo Fundiciones Estandako finantza eta administrazio departamentuaren buru, eta Enrique Lartundo Fundazioaren idazkari.
2023ko hauteskundeei begira, Lazkaoko EAJk adierazi du Zubiarrain “pertsona egokia” dela, “legegintzaldi honetan udalean egindako lan bikainarekin jarraitzeko, bai bere gaitasunagatik, bai bere konpromisoagatik, pertsona hurbila, prestatua eta esperientzia handikoa dela erakutsiz proiektuen kudeaketan eta erabakiak hartzean”.
Kepa Zubiarrainek Zubiarrain “ilusioz eta indar handiagoz” dagoela aurreratu du agintaldi honetan abian jarritako proiektuei jarraipena emateko, alderdiak zabaldutako oharrean. “Urte hauek, gainditu behar izan dugun osasun-egoera dela-eta errazak ez direla izan onartu arren, esperientzia horrek ikaskuntza handia ekarri du, eta indarberrituta atera gara duela ia lau urte hasitako bideari jarraipena emateko”. Alderdiari “konfiantza” eskertu dio, eta udal gobernu taldeko kideei eskerrak eman dizkie.
Agintaldi honetan geratzen diren zortzi hilabeteetan hasita dauden proiektuak bururatzen jardungo dela aurreratu du, “Kanpandegiko industrialdean, kiroldegiaren handitzean edo Lazkaomendirako oinezkoen bidearen proiektuan”. Udalerriko Hirigintza Plan Orokor berria, meandroko aisialdi gunea edo kirol ekipamendu berriak “hasi” nahi dituela ere gehitu du.
Alkategaia finkatu ondoren, zerrendako gainerako izenak eta hauteskunde-programa osatzeko prozesuarekin hasiko dela iragarri du Lazkaoko EAJk. Prozesu horietan parte hartu nahi duten herritarrek “ateak zabalik” dituztela gaineratu du.

Kepa Zubiarrain, alderdiak zabaldutako argazkian, EAJren alkategaia izango da 2023ko udal hauteskundeetan.