Basogintzaren erronkei buruzko hitzaldia egingo dute gaur Idiazabalen
Aldaketa klimatikoa edo Euskal Herrian banda marroien gaitzak basogintza sektorean sortu dituen arazoak izango dituzte mintzagai, besteak beste. 18:00etan hasiko da.
Asteklimaren barruan, Idiazabalgo Udalak, Tantai baso jabe kooperatibaren laguntzarekin, gaur egungo basogintzaren inguruko hitzaldia antolatu du gaurko. Bestelako basogintza hitzaldian gaur egun basogintzak dituen erronkak izango dituzte hizpide. Aldaketa klimatikoak edota biodibertsitate galerek sortzen dituzten kezkei erantzuteko gaitasuna duen basogintza eredua azalduko dute. Euskal Herrian banda marroien gaitzak basogintza sektorean eragindako arazoaz ere ariko dira. Erronka globalez gain, Idiazabalgo egoera ere jarriko dute mahai gainean.
Tantai baso jabe kooperatiba aurkeztuko da eta bestelako basogintza eredu baten inguruan hitz egingo dute. Hitzaldi bukaeran galdera txanda zabalduko dute, zalantzak argitzeko eta azaldutakoa aberasteko eztabaida sortzeko helburuarekin. 18:00etan hasiko da, udaletxeko Areto Nagusian. Herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki baso jabeei.