Indar berrituekin hasiko du Ampo Ordiziak errugbi liga
Ohorezko mailako errugbi ligako 2022-2023 denboraldiaren aurkezpena egin dute Ampo enpresaren egoitzan Idiazabalen. Altamira zelaian Bartzelonaren aurka hasiko du liga Ampo Ordiziak.
Errugbiko ohorezko mailako 2022-2023 denboraldia hastear da. Espainiako errugbi federazioak aste honetan jakinarazi du egutegia eta ligaren markoa. Igandean, Bartzelonaren aurka jokatuko du Ampo Ordiziak, Altamira gotorlekuan, baina hitzordua iritsi bitartean, denboraldi berriaren aurkezpena egin du Ordizia Rugbik, lehen taldearen babesle nagusia den Ampo enpresaren egoitzan, Idiazabalen.
Ampo Ordizia taldea zoriontzen hasi du agerraldia Aitor Legarreta Ampo enpresako kontseilu errektoreko ordezkaria, eta berretsi du, “duela 15 urte hasitako elkarlanari eusteko konpromisoa”.
Jon Barandiaran Ordizia Rugbiko lehendakari berriak esker hitzekin erantzun dio eta nabarmendu du Ordizia Rugbi bezalako proiektu bat aurrera eramateko, Ampo enpresaren babesa oso garrantzitsua dela. Babes horren sostenguarekin, “saiatuko gara ahal dugun ondoen egiten” borobildu du Barandiaranek.
Agerraldian izan da baita ere, Ampo Ordiziako entrenatzaile berria, Federico Gallo. Proiektuan parte hartzeko konfiantza erakutsi diotelako, honek ere esker hitzak izan ditu lehenik. Jarraian, aurredenboraldiko lana nolakoa izaten ari den kontatu du. Aurreratu du, “lan fisikoan fokua” jarrita duela momentuz, igandean jokatuko den ligako lehen partidara begira “esfortzu handia” egiten ari direla, jokalari berriak “oso ondo” ari direla lanean, “klima sanoa” dagoela taldean, eta bere helburu nagusia izango dela “kirol helburuak” lortzen saiatzea, “errugbiaz gozatzen” beti ere.
Julen Goia kapitainak adierazi du “lanerako prest” dagoela taldea. Entrenatzaile eta taldekide berriekin “hasiera ona” izan dela, aurredenboraldian nabaria izan dela figura berrien sarrera, orokorrean sentipenak “onak” direla eta orain arte bezala, saiatuko direla kalean, zaletu gazte eta ez hain gazteen artean Ampo Ordiziaren “su hori kontagiatzen”.
Jarraian, Ampo enpresaren egoitzan gaur goizean egin duten agerraldiaren bideoa: