Belaunaldien arteko LegazTipi-Tapan parte hartzeko deia egin diete gazteei
Osteguneroko ibilaldi osasungarrien aro berria aurkezteko ekitaldi bat egin dute Latxartegin, Haztegi, Domingo Agirre eta Olazabal ikastetxeetako ikasleekin. Hemendik aurrera gaztetxoek ere parte hartuko dute paseoetan.
LegazTipi-Tapa ekimenak jendez bete du gaur goizean Latxartegi, bere aro berriaren aurkezpenean. Hemendik aurrera belaunaldien arteko topaketa izango dira ibilaldi osasungarri horiek, eta herriko ikasleek ere parte hartuko dute.
Goizeko ekitaldi honetara Domingo Agirre, Haztegi eta Olazabal institutuko ikasleak gonbidatu dituzte, eta LegazTipi Tapan parte hartzen duten erakunde, boluntario eta herritarren eskutik ezagutu ahal izan dute zertan datzan. Nagusilan, Buztintegi, Iratzarri, Meazti, Eguneko Zentro eta Garaguneko ordezkariak arduratu dira horretaz, Maite Lonbide udal ordezkariak gidatuta.
Aurrerantzean, ikasleek ostegunero izango dute hitzordua, 10:15ean, Euskal Herria plazako oilarraren irudiaren ondoan, eta handik abiatuta, taldean herritik zehar paseo labur bat emango dute.
Ekimen honen helburu nagusia pertsona adinduek ariketa fisikoa egitea eta, aldi berean, pertsonen arteko harremanak lantzea da. Ikasleen partaidetzarekin, belaunaldien arteko harremanak lantzeko aukera izango dute partaideek. Legazpin 2014etik egiten da LegazTipi Tapa, eta ikusten denez, etorkizunik ez zaio falta.