Legazpiko etxez etxeko langileek lan baldintza hobeak nahi dituzte
ELA sindikatuko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxeko atarian. Soldatan KPIren igoera aplikatzea eskatzen dute, besteak beste.
Legazpiko etxez-etxe zerbitzuko eta Meazti etxeko langileek mobilizazioak hasi dituzte lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Atzo elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrealdean ELA sindikatuko ordezkariek.
Eulen Servicios Sociosanitarios enpresak dauka esleituta zerbitzu publiko hori, eta une hauetan hitzarmena negoziatzen ari dira. ELAk dioenez, “enpresa honek izugarrizko mozkinak ditu”. Langile gehienak emakumeak dira, eta kontratazio partzialak dituztenez, “hilabete bukaeran etxera eramaten duten soldataren batez bestekoa ez da 1.000 eurotik gorakoa”.
Sindikatuak azaldu duenez, “prezioen gorakada eta bizitzaren garestitze nabarmena bizitzen ari garen honetan”, langileek ezinbestekoa jotzen dute euren soldata igoerak KPIko erreferentzia izatea, eta “genero arrakala desagertzeko”, hitzarmenean hobekuntzak izatea.
Udalari ere eskaera zuzena egin diote: “Zerbitzuaren arduraduna izanik, zerbitzua kalitatezkoa eta langileen aldarrikapenak barneratuko dituen hitzarmena bermatu dezala, herriko pertsona heldu eta beharrak dituztenen zaintza erdigunean jarriko duen eredu bat bultzatuz”.