Arriarango mendi duatloiak hiru urteko geldialdia gainditu du
Ehun kirolari inguru espero ditu antolakuntzak. Banakako proban 50 lagunek jada eman dute izena, eta erreleboka, hogei bikotek.
Arriarango mendi duatloia bihar jokatuko da, hiru urteren ondoren. Pandemiak behartutako geldialdiaren ostean, lehengo lepotik mantendu dute burua. Hala, haurren probari eta ibilbideei eutsi diete.
Gaztetxoak 15:00etan irtengo dira. Izen-ematea aurretik egingo da. 16:00etan izango da helduen txanda: sei kilometro egin beharko dituzte aurrena korrika, Arriarango parajeetan gora eta behera; gero, hamalau kilometro bizikletan; eta, amaitzeko, beste bi kilometro korrika. Azken orduetan eta egunetan euria egin badu ere, biharko ona dago iragarrita. Azkarrenek ordu eta erdiko lana dute aurretik.
Ehun kirolari inguru espero ditu antolakuntzak. Banakako proban 50 lagunek jada eman dute izena, eta erreleboka, hogei bikotek. Gaur amaituko da izena emateko epea, Kirolprobak.com webgunean.
Zirkuituko laugarrena
Arriarangoa Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko laugarren proba izango da, Goierriko bigarrena. Sailkapen nagusian Paul Bereziartua durangarra eta Enara Oronoz otsagabiarra doaz lider.
Oronozek orain arteko proba guztiak irabazi ditu, eta Arriarangoa bereganatzeko faboritoa da, parte hartzen badu.
Gizonezkoetan Josu Urrestarazu idiazabaldarra irteera marran izatekoa da. Goierritarrak hiru probetatik bi irabazi ditu, azkena, pasa den asteburuan jokatutako Zegama-Aizkorri mendi duatloia. Azaroan Igartzako proba jokatuko da. Zirkuituko azken proba izango da.