Iban Urdangarinen eta Amaia Iturriotzen txanda heldu da bertso txapelketan
Ataundarrak eta urretxuarrak Gasteizko Europako Biltzar Jauregian abestuko dute, igandean 17:00etan. Maialen Akizu urretxuarrak Lizarran abestuko du, urriaren 9an.
Iban Urdangarin ataundarra eta Amaia Iturriotz urretxuarra etzi hasiko dira Bertsolari Txapelketa Nagusian lehiatzen. Bi goierritarren saioa Gasteizko Europako Biltzar Jauregian izango da, 17:00etan.
Iturriotzek lehen aldiz parte hartuko du Txapelketa Nagusian. Goiberri aldizkariari aitortu zion «aukera, oparia eta inoiz jarri gabeko helburua betetzea» dela. «Lehenengo kanporaketa gainditzea izugarria litzateke. Zaila dela badakit, baina aukera egongo balitz, izugarria litzateke, aurreratzen jarraituko genukeelako», gehitu zuen.
Urdangarin ere aurrera egiteko gogoarekin baina presiorik gabe lehiatuko da. «Txapelketako ibilbidea Gasteizen bukatzen bada ez dut disgustu handiegirik eramango baina aurrera banoa, hobe», esan zuen Goiberri astekarian.
Izan ere, aitortu zuen «izugarrizko zalantzak» izan zituela izena eman ala ez erabakitzeko, pandemiak «erabat» desanimatu zuelako. «Saiorik ez baldin badaukat txapelketak eta gainerakoak alperrik dira. Hala ere, izena eman nuen eta aurtengo udan saioak mugitu dira eta, alde horretatik, gustura nago».
Igandekoa Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako laugarren saioa izango da. Lehenengo biak joan zen asteburuan izan ziren, Getxon eta Arrasaten.
Getxoko saioan Nerea Elustondo legazpiarrak abestu zuen eta Arrasatekoan Iñaki Apalategi beasaindarrak. Elustondo bigarren postuan sailkatu zen, Alaia Martinen atzetik eta Apalategi hirugarrenean, Joanes Illarregi eta Saioa Alkaiza nafarren atzetik. Ondo bidean, bai Elustondo eta bi Apalategi bigarren fasean izango dira.
Kantatzen azkena, Akizu
Aurtengo Txapelketa Nagusian Goierriko bost bertsolarik parte hartuko dute: aipatutako Elustondo, Apalategi, Urdangarin eta Iturriotzek eta Maialen Akizu urretxuarrak.
Maialen Akizu urriaren 9an hasiko da lehian. Lizarrako Los Llanos kulturgunean abestuko du, 17:00etan. Berarekin batera, Aitor Bizkarra, Imanol Uria, Asier Azpiroz, Iñigo Mantzizidor eta Unai Gaztelumendi arituko dira.
Bestalde, bost goierritarrez gain, Goierrirekin lotura estua duen bertsolari batek ere parte hartuko du: Nerea Ibartzabal, Fina Salegi urretxuarraren alabak. Bizkaiko txapeldunak bihar ekingo dio lehiari, Gotaine-Irabarnen (Zuberoa). Saioa 17:00etan izango da. Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke.
LEHEN FASEKO LAUGARREN SAIOA
- Eguna. Etzi, igandea.
- Ordua. 17:00.
- Lekua. Gasteizko Europa batzar jauregia, Maria de Maeztu entzunaretoan.
- Edukiera. 721 butaka.
- Bertsolariak. Amaia Iturriotz Etxaniz, Iban Urdangarin Lardizabal, Haritz Mujika Lasa, Manex Agirre Arriolabengoa, Miren Artetxe Sarasola eta Xabat Galletebeitia Abaroa.
- Aurkezlea. Oier Azkarraga Grajales.