Adinez nagusiak gara
GOIERRIKO HITZA-k 18 urte betetzen ditu gaur. Makina bat gertakariren lekuko izan da denbora honetan eta kaleratutako 3.866 aleetan zehar. Digitalizazioa da orain erronka nagusia.
Euskara eta informazioa, bi aldagai horiek uztartuz abiatu zuen bere ibilbidea GOIERRIKO HITZA egunkariak 2004ko urriaren 5ean, Aimar Maiz zuzendari zela eta Beasainen egoitza nagusia jarrita. Gaur 18 urte betetzen ditu, beraz, adinez nagusia da.
Asteartea zen duela 18 urteko urriaren 5a, eta Goierrin, Patxi Zubizarrela ordiziar idazleak argitaratutako Atxiki sekretua ipuin bilduma, Beasaingo boluntarioen eguna eta Zumarragako Etxeberri auzoko eta Zaldibiako festak izan ziren albiste nagusiak egun hartan. Andoni Aizpuru telebistako aurkezleari egindako elkarrizketak eta beste hainbat albiste gehiagok osatu zuten GOIERRIKO HITZAren lehen urteko lehen ale hura.
Gaurkoa, 3.866. alea
Gaurko egunkaria, 18 urte beranduago, 3.866 zenbakiarekin kaleratu da, Kerman Garralda Zubimendiren zuzendaritzapean.
Goierriko makina bat albiste, elkarrizketa, erreportaje eta argazki argitaratu dira orri hauetan denbora honetan guztian. Gertakari askoren lekuko izan da komunikabide hau, eta barrutik ere bizi izan ditu hainbat mugarri. Lehena, sortu eta urte betera, milaka harpideren bultzada eta Goierriko udal guztien babesa jaso zuenean. Indartsu eta osasuntsu heldu zien urte batzuetara 5. eta 10. urteurrenei; bosgarrena Lazkaon ospatu zuen, hamargarrena Urretxun. Duela hiru urte ospatu zuen hamabostgarren urtea Beasainen, Goierriko hainbat eragilerekin egindako topaketan.
Interneteko erronkak
Digitalizaziora jauzia izan da GOIERRIKO HITZAren beste mugarri bat. Paperean ez ezik, interneten ere irakur daitezke Goierriko albisteak www.goierri.hitza.eus wegbunean, 2010etik.
Mundu horretan eta komunikabideen alorrean etenik gabe sortzen diren erronkei aurre eginez, paperaren osagarri izateko sortu zen adar hori adar nagusi ari da bihurtzen komunikazio proiektu honetan, geroz eta gehiago diren irakurle eta jarraitzaileen babesarekin. Sare sozialetan ere indar berezia jarri da, eta emaitzak ez dira makalak, Facebook-en 7.602 jarraitzaile, Twitter-en 3.954 eta Instagramen 1.929 dituelako; Youtuben, berriz, 3.240 harpide ditu.
Baina erronkak erronka, eta euskarriak euskarri, euskara eta informazioa dira oraindik GOIERRIKO HITZAren egunerokoaren zergatia. Orain, 2022an, pandemia gaindituta eta adinez nagusi izateak ematen duen heldutasunaren bermearekin, garai berrietara egokitzeko lanean ari da.