Olaberriko Etxetorre baserrian hasi zen guztia
Mari Romero legazpiarrak bere laugarren eleberria kaleratu du, eta hilaren amaieran aurkeztuko du. Sufrimendu handia eragin duten bi gai jorratzen ditu: gerran desagertutakoak eta homosexualitatea.
Liburuak saltzea baino gehiago, egiten duen lana konpartitzea da Mari Romero (Quintana de la Serena, Espainia, 1958) idazlearen helburua. Idatzi duen azken eleberriaren aurkezpen data iristear dagoen honetan, «urduri» dagoela aitortu du. Etxetorre Goikoa. Donde no existe el olvido nobela da bere lanik berriena, laugarrena. Letrame argitaletxearekin autoeditatu du eta urriaren 25ean aurkeztuko du, Legazpiko Kultur Etxean, 18:30ean.
Aurrerago, aurkezpen gehiago etorriko dira. Tartean, Altsasun (Nafarroa). Espainiatik etorri zirenean eta Legazpira iritsi aurretik familia osoa han bizi izan zen.
Liburua salgai dago Legazpiko Hizkuntza eta Apatxo, Urretxuko Aresti eta Altsasuko Arkatz liburu dendetan. On line ere eros daiteke, liburu denda digital askotan. Durangoko Azokara ere joango dela agindu du Romerok.
Irakurle asko murgildu dira dagoeneko liburuaren traman, baina horien artean baten falta sumatzen du Romerok: Hilario bere aitarena. Duela hilabete batzuk hil zen, 95 urterekin. Kontalaria, poeta eta azken unera arte irakurle porrokatua izan zen. «Haren istorioek garatu zuten seguruenik nire imajinazioa», dio idazleak. Gerra ondorengo garaiei buruzko haren kontakizunek izan dute oihartzuna Romeroren laugarren eleberrian.
Gerra eta homosexualitatea
Fikzio liburua da Etxetorre goikoa, donde no existe el olvido. «Baditu errealitate zertzelada batzuk ere, deskribapenak adibidez. Niri asko gustatzen zaizkit, eta bizi naizen inguru honekin lotura duten batzuk sartu ditut». Etxetorre Goikoa izena bera ere, erdi asmatutakoa da: Romeroren senarraren Arizti familiak Legazpiko Olaberria auzoan duen Etxetorre baserriaren izenean oinarritutakoa delako.
Bere koinata Olaberriko baserri hori berritzen hasi zenean sortu zen guztia. Obra ikustera joan zen batean, baserriko zutabe dotoreak ikustean, bertan belaunaldiz belaunaldi bizi izandako jendeaz oroitu zen: «zein garai gogorrak, eta zein politak aldi berean». Halako batean, iltze zahar eta handi bat zapaldu zuen, eta eskuetan zuela, zenbat istorioren lekuko izan ote zen pentsatzen hasi zen. Etxera joan eta horrela hasi zen idazten.
Istorioa «nahiko erraz» atera zitzaiola aitortu du. «Hunkigarria dela esan didate», gaineratu du. «Liburuaren amaieran, eskerren atalean, aipatu ditudan lagun batzuk irakurri zuten lehenik. Kritikari zorrotzak dira. Polita zela eta oso ondo zegoela esan zidatenez, aurrera egin nuen».
Liburuan «sufrimendu handia» eragin duten bi gai jorratu ditu: gerra zibilean desagertuak, alde batetik, eta homosexualitatea, bestetik. Intriga, misterioa, amodioa… nahasten ditu tramak, eta Legazpi izan daitekeen herri batean kokatzen da. Bi garai desberdinetan garatzen da, eta Garazi arkitektoa da istorioaren haria gidatzen duena.
Euskaraz ere bai
Bosgarren liburua ere bidean dago: La raya del pantalon. Hori izango da bere «hurrengo umea», bosgarrena. «Laster» izango dela kalean aipatu du. Dagoeneko kritikari horietako batzuek irakurri dute.
Hau ere gaztelaniaz idatzitakoa izango da, gainerakoak bezala. Romerok azaldu du «erraztasun handiagoa» duela gazteleraz idazteko eta «naturalagoa» egiten zaiola. Irakurri ere gaztelaniaz egiten du bereziki. Halere, argi utzi nahi du euskararekin «konpromiso oso-oso sendoa» duela.
Horregatik, euskaraz ere idazten duela zehaztu du, eta bi liburu dituela bidean aurreratu du. «Bata oso pertsonala da. Ni izaeraz ez naiz oso baikorra, baina ondoan dudana bai, eta bertan kontatzen ditut gertatu zaizkidan anekdotak, nire joera ezkor hori gainditu nahian»; lanbide izan duen irakaskuntza da euskarazko bigarren liburuaren muina: «Domingo Agirre eskolan egindako ibilbidean oinarrituta dago. Orain muntatzen ari naiz. Ez da oso autobiografikoa, eta ikasleek ere tokia dute. Izan ere, nire bihotzeko bazterretan txoko bat lortu duten ikasleek, bereziak direlako».
Dena dela, euskarazko bi proiektuak airean daude. Romeroren arabera «Euskadin oso zaila da euskaraz argitaratzea».