Barrendiola inguruko hariztietara txangoa antolatu du Arriurdin elkarteak larunbaterako
Pinuan oinarritutako basogintza eredurako alternatiba badagoela erakustea da irteeraren helburua. 10:00etan abiatuko dira basora urtegitik
Barrendiola urtegi inguruko hariztiak ezagutzera emateko txangoa antolatu du Brinkolako Arriurdin elkarteak larunbaterako, basogintzan lanean diharduen Errez kooperatibarekin elkarlanean. Goizeko 10etan jarri dute hitzordua, Barrendiolan bertan.
Txangoaren helburua pinua ardatz duen basogintzarako alternatiba badagoela erakustea da, eta alternatiba horren eredu praktikoa Barrendiola ondoko basoetan bertan ikus daiteke, hariztietan. Hor ari da gauzatzen Errez kooperatiba basogintza proiektu berria.
Uda aurretik hitzaldi bat egin zuten Brinkolan, basogintza eredu berri horri buruzko informazioa emateko. Orduan azaldutakoa, bertatik bertara ikusteko aukera izango da oraingoan.