Buztintegiren historia iruditan, ostegunean Kultur Etxean
Legazpiko jubilatuen eta pentsionisten elkartea bere sorreraren 25. urteurrena ari da ospatzen. Aurreko astean hasi ziren ospakizunak hitzaldi batekin.
Aurrera jarraitzen dute Buztintegiren 25. urteurreneko ospakizunak, eta ostegunean ikus-entzunezko bat eskainiko dute Kultur Etxean, herritar guztiei zuzenduta. Elkartearen historia irudien bidez ezagutzeko aukera izango da, 18:00etan.
Buztintegik iaz bete zituen 25 urte, baina aurten ari da urteurrena ospatzen, pandemiagatik. Ospakizunekin hasteko, borondate aurreratuei edo bizi testamentuari buruzko hitzaldi bat egin zuten joan den astean, Hurkoa Fundazioko Andikona Uriarte abokatuaren laguntzarekin.
Hurrengo astean beste ikus-entzunezko bat eskainiko dute, elkarteko kideek egindako bidaien ingurukoa, eta hilaren 27an, diru eta ekonomia kontuak landuko dituzte hitzaldian, Luis Mari Muruarekin. Amaitzeko, azaroaren 3an Alkoholiko Anonimoak elkarteko kideekin solasaldia egingo dute.