Zuhaitz hostoekin jolasteko aukera eskaini du Lenburrek iganderako
Nagore Bengoetxeak gidatuta, tailer bat egingo dute goizean Mirandaolako parkean eta Euskal Burdinaren Museoan. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da.
Lenbur Fundazioak zuhaitz hostoekin apaingarriak egiteko tailer bat antolatu du igande goizerako. Tailerra Mirandaola parkean eta Euskal Burdinaren Museoan gauzatuko da 11:00etatik aurrera, Nagore Bengoetxea legazpiarrak zuzenduta. Dohainik izango da, baina izena eman behar da aurretik Mirandaolako turismo bulegoan, edo 943 73 04 28 zenbakira deituta.
Tailerra hasi aurretik, haurrek zuhaitz hostoak bilduko dituzte Mirandaola parkean, eta ondoren, Euskal Burdinaren Museoan, kolore eta forma desberdinak nahastuz, apaingarri bat egingo dute hosto horiekin. Jarduera honen xedea haurrak naturarekin harremanetan jartzea da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin lurralde osoan Ondarea loratuz, gozatu! lelopean garatzen ari diren Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da tailer hau. Lenbur Fundazioak beste bi tailer gehiago ere antolatu ditu jardunaldi horien harira: Baserritik mahaira: elikadura ekologikoa, urriaren 22rako, eta Euskal Herriko basoen jasangarritasuna Erdi Arotik Aro Berrira, urriaren 30erako.