Mutiloako ostatua ostiralean irekiko du Joseba Baezek
Mutiloako Ostatuak etzi irekiko ditu ateak berriz ere. Joseba Baezek hartuko du Ostatuaren ardura aurrerantzean. Baez Idiazabalgo Arimasagazti behi gazta ekologikoa azokaz azoka saltzen ibili izandakoa da. Orain ostalaritzari helduko dio, Mutiloan. Taberna, jatetxea eta logela zerbitzua ustiatzeko ardura hartu du donostiarrak.
Maiatzaren erdialdean atera zen lizitazio berria, zerbitzuaren aurreko arduradunak, Iñaki Telleriak, ustiatzeari utziko ziola eta. Irailean utzi zuen.
Tartean, Mutiloako Udalak lizitazioa bi bider atera behar izan zuen lehiaketara.
Ostatua, Mutiloako erdigunean kokaturik egonda, herritarren ohiko bilgunea da. Jatetxe baten funtzioa baino gehiago du.