Alsejo errondailak kontzertua emango du larunbatean, Legazpiko Alaitasunak gonbidatuta
Uztailen legazpiarrek Kantabriara egindako bisita itzultzera datoz hango musikariak. Alaitasuna errondaila osasuntsu dago une honetan, eta agenda bete-betea du.
Gonbidatu berezia du larunbatean Alaitasuna errondailak. Uztailean Castro Urdialesen eskainitako emanaldiari erantzunez, hango Alsejo errondaila Legazpira dator, eta kantabriar musikariek kontzertua egingo dute Latxartegi aretoan 19:00etan hasita. Sarrera doan da, eta aretoa bete arteko jende onartuko da bertan.
Musikazalean gustuko emanaldia eskainiko dutela agindu du Alaitasunako zuzendari Eli Gordoak. «Guri asko gustatzen zaigun taldea da, joko dituzten abestiak oso gogokoak dira, oso errazak entzuteko eta abesteko: euskal kantak, habanerak, hego amerikar kantak…». Legazpiarrek ez dute joko oraingoan, “guk emanaldi asko egin ditugu azkenaldian, eta biharkoa gure gonbidatuentzat utzi dugu”.
Agenda bete-betea
Izan ere, pandemiaren ondoren, martxoan hasita agenda bete-betea izan dute, eta Gabonak bitarterako hitzordu gehiago ere badituzte. «Altsasun hasita, Santikutzetan, Olaria saria jasotzean, Mexikon errondailen topaketa birtuala, Santikutz egoitzan, Hegialden, San Joanetan, Castro Urdialesen, Zumarraga, Urretxu eta Geltokietako jaietan, Agorrekoetan, Lazkaon… jo dugu”.
Aurrera begirako hitzorduak ere ez dira gutxi: urriaren 19an, 80 urtetik gorakoen bazkarian joko dute eta Santa Zeziliako kontzertua azaroaren 19an. “Santa Zeziliako kontzertua berezia da guretzat, musikarien zaindaria delako eta herriko beste taldeekin jotzen dugulako. Normalean hiru abesti estreinatzen ditugu, eta aurten ere ari gara horiek prestatzen”. Abenduari begira jarrita, Santikutz egoitzan eta Buztintegirekin Gizarte Zentroan joko dute, “ekitaldi sozialak dira, gure ibilbidean oso txertatuta daudenak, beti gustatu izan zaigu adineko jendeari, ezinduei eta abarri ondo pasatzeko aukera ematea”. Horren harira, errondaila garai batean Santa Ageda zentrora joaten zela gogoratu du Gordoak.
Errondaila, osasuntsu
Emanaldi horiek guztiak kontuan hartuta, une honetan Alaitasuna errondaila “osasuntsu eta irrikaz” dagoela dio taldeko zuzendariak, “jendea gustura dago, gogoz entseatzeko, eta gainera, bi lagun gehiago ditugu iaztik, Pili eta Juan Luis”. Musikari gehiagorentzako lekua badagoela ere nabarmendu du, “gitarra, bandurria, lauda edo horrelakoren bat jotzea behar da bakarrik”, eta jotzen duten musika estiloa gustuko izatea: “Denetik jotzen dugu: euskal kantak, kanta herrikoiak, euskaraz zein erdaraz, habanerak, hegoamerikar kantuak… baina beti herriari eskainita”.
Eta herriari eskainitako emanaldi horiek errazago hel daitezen herritarrengana, errondailak teknologiaren aldeko apustua egin du eta karro baten gainean jarritako megafoniarekin ateratzen da orain bere emanaldietan. “Pandemiaren ondoren kalean jotzeko ohitura areagotu egin da, eta gure gitarrekin soinua oso ondo iristen ez denez publikoarengana, orain ozenago joko dugu eta denek hobeto entzungo dute”.