Mintzalaguna egitasmoaren edizio berria hasiko da laster Legazpin
Euskaraz hitz egiteko elkargune bat proposatzen du egitasmoak. Mintzakide izateko edo gidari izateko, izena eman behar da Udal Euskaltegian.
Legazpiko Udalak eta Udal Euskaltegiak Mintzalaguna egitasmoari heldu diote berriro ikasturte honetan, pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren. Euskaraz hitz egiteko ohitura edo aukera gutxi dutenak euskaraz hitz egiteko jarioa edo ohitura handiagoa dutenekin elkartzea da helburua, beti ere euskararen erabilera indartzeko asmoz.
Doako esperientzia da Mintzalaguna, ahozko ariketa bat, eta ez da Euskaltegira joan behar klaseetera, ezta etxean lanak egin ere. Lau-bost laguneko taldeak osatzen dira, partaideen gustu, ordutegi eta prestasuna kontuan hartuta, eta astean behin elkartzen dira, ordu betez, taberna batean kafea hartuz edo paseo bat emanez, gidari bat tartean dutela euskaraz edozein gairi buruz hitz egiteko.
Talde horietan bi profiletako partaideak izaten dira: gidariak, edo euskaraz ondo dakitenak, eta mintzakideak edo euskaraz hitz egiteko erraztasun edo aukera gutxiago dituztenak. Mintzalagunaren ikasturte berri honetarako bi profiletako legazpiarrak behar dira. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute Euskaltegian, 843 74 00 90 telefono zenbakian edo labur.eus/legazpikomintzalagunak estekan.