Perretxikoek zale ugari dituzte Legazpin
Asteburu Mikologikoaren 26. edizioa ospatuko dute Azokan larunbatean eta igandean. Perretxikoen munduari buruz dakitena gainerako herritarrekin konpartitzea da antolatzaileen helburua.
Perretxiko festa itzuli da Legazpira. Beti Gazte Animazio Taldeak eta Lekanazpi elkarteak antolatuta, Asteburu Mikologikoaren 26. edizioa egingo dute larunbatean eta igandean, Azokan.
Mikologiak jarraitzaile ugari ditu, eta horiei zuzenduta edo besterik gabe perretxikoen inguruan jakin-mina dutenentzat, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek. Perretxiko erakusketa eta dastaketak, haurrei zuzendutako ekintzak eta perretxiko bete saski pare bat irabazteko apustu-jokoa izango dira egitarau horren ardatzak.
Lekanazpik bultzatuta
Legazpiko Asteburu Mikologikoak 1980ko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbidea, Lekanazpi elkarteak bultzatuta. Antolatzaileen artean zeuden Juanito Etxeberria eta Anjel Urrate, eta ekimen haren jatorria «hemen beti egon den perretxikoetarako afizioa» izan zela diote. «Kuadrilla handia ginen, eta Tolosan eta beste leku batzuetan egiten ziren ekitaldiak ikustera joan, eta hemen egitera animatu ginen». Perretxikoez zekitena konpartitzea zen helburu nagusia, hemen dauden barietateak erakutsiz batez ere, eta horretan Aranzadi Zientzia elkarteko kideen laguntza izan dute beti, baita gaur ere. Sailkapena egitean, Aranzadikoak prest egoten dira edozeinen zalantzak argitzeko.
Kultur Etxea, Txomineko pasabidea, Lekanazpi ondoko arkupeak, Gernika enparantza… makina bat eszenatoki izan ditu Asteburu Mikologikoak Azokara iritsi aurretik, baita ekitaldi ugari ere. Perretxiko bilketaz, sailkapenaz —300dik gora aukera izan dira behin baino gehiagotan—, erakusketaz eta dastaketaz gain, makina bat hitzaldi eta ikus-entzunezko ere izan dira.
Beti Gazteren erreleboa
Gaurko Asteburu Mikologikoak hasierako izpiritua mantentzen du, eta perretxikoen mundua herritarrei hurbiltzea da oraindik helburu nagusia. Antolakuntzan, ordea, izan dira aldaketak, Lekanazpiren erreleboa herriko beste talde batek hartu zuelako duela bost-bat urte: Beti Gaztek.
Lekanazpik segitzen du antolakuntzan, eta tartean dira oraindik Etxeberria eta Urrate, «ilusioarekin jarraitzen dugu».
Perretxiko onak eta txarrak, denetik izango dira asteburuan ikusgai, eta jateko, berriz, «txanpinoiak, nikaloak, onddoak… ikusiko dugu zer biltzen dugun bezperan».
ASTEBURU MIKOLOGIKOA
Larunbata, hilak 15
- 10:00. Perretxiko bilketa. Perretxikoen truke, salda eta txorizoa.
- 15:00. perretxikoen sailkapena Aranzadiko kideekin.
- 19:00-21:00. Erakusketa.
- 19:30etatik aurrera, perretxiko dastaketa borondatearen truke eta Upelgilearen Begia apustu jokoaren lehen saioa.
- 21:00. Saskiaren pisaketa.
Igandea, hilak 16
- 11:00-15:30. Perretxiko erakusketa eta Upelgilearen Begia.
- 12:00-13:30. Umeentzako marrazketa gunea.
- 12:00etatik aurrera. Perretxiko dastaketa borondatearen truke.
- 14:00. Saskiaren pisaketa.