Energia kontsumoa murrizteko kanpaina Idiazabalera iritsi da
Energia kontsumoa murrizteko kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Energia argitu kit izenburupean, eta Idiazabalera iritsi da. Etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua du, eta norberak bere etxeko auto diagnostikoa egiteko aukera emango du, beharrezko tresnak eskainiz.
Azalpen tailer batekin hasiko da kanpaina. Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan saioa azaroaren 2an izango da, udaletxeko areto nagusian, 18:00etan. Etxean auto diagnostikoa nola egin azaldu eta etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dituzte. Udalaren bidez, interesa dutenei Energia Argitu kit maletak banatuko zaizkie, etxeetan neurketak egiteko, energia gabeziak detektatzeko eta %5 eta %10 arteko aurrezpenak egiteko proposamenekin. Etxebizitzaren auto diagnostikoa egin ondoren, birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzak kontsultatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Urriaren 28ra arte
Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena eman behar dute, urriaren 28a baino lehen, argitu@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita edo 605 757 687 telefonora deituta. Informazio gehiago www.argitu.eus webgunean aurkitu daiteke.
Energia Argitu programaren barruko kanpaina da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidaulikoetako Departamentuak antolatuta. Gipuzkoako sektore ezberdinei energia kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea du helburu.













