Kulturismo naturaleko Espainiako txapelketan urrezko domina bat eta bosgarren postu bat lortu ditu Jon Aranburu idiazabaldarrak
Bi kategoria desberdinetan lehiatu da idiazabaldarra:;Mens Fitness kategorian lortu du urrea eta Mens Physique kategorian bosgarren postua.
Jon Aranburu Gonzalez idiazabaldarrak kulturismo naturaleko Espainiako txapelketan urrezko domina bat eta bosgarren postu bat lortu ditu, asteburuan, Valentzian. Bi kategoria desberdinetan lehiatu da idiazabaldarra. Mens Fitness kategorian, urrezko domina irabazi zuen, larunbatean. Domina lepoan, sare sozialen bidez adierazi zuen , “poz handia” zuela eta igandeko Mens Physique kategorian parte hartzeko “konfiantzaz beteta” zegoela
Igandekoan ere epaimahairen begirada erakarri eta puntuazio altua lortu eta bosgarren postuan geratu zen. Zapore “gazi-gozoa” utzi ziola adierazi du Aranburuk, onartuta ere “oso-oso maila altua” izan zela eta erakutsitako fisikoagatik “pozik” zegoela. Erronka berriei aurre egin eta lanean jarraitzeko “ilusioa” eta “indarra” erakutsi ditu.
Asteburuko lorpenei esker, World Champions izeneko txapelketan parte hartuko du Aranburuk, eta gainera, Espainiako selekzioko ateak ireki zaizkio. Selekzioarekin, Pragan jokatuko den kulturismo naturaleko mundu mailako txapelketara joateko aukera du.