Lazkaoko buruhandi eta erraldoi konpartsa Katalunian ibili da
Sant Feliu de Llobregat herrian (Bartzelona) hango konpartsaren gonbidatu izan dira lazkaotarrak, asteburuan. Ohorezko ongietorria egin diete. 2023an trukea egin, eta kataluniarrak Lazkaora gonbidatzeko asmoa dute.
Lazkaoko Erraldoi eta Buruhandi konpartsak lehenengo bidaia egin du nazioartera. Katalunian izan dira asteburu honetan, urriaren 7tik 9ra. Konpartsako bi erraldoiak eta zortzi buruhandiko sorta hartuta, Sant Feliu de Llobregat herriko (Bartzelona) festan parte hartu dute.
Sant Feliuko konpartsak gonbidatuta joan dira lazkaotarrak. Hartu-emana 2019an hasi zuten, Lazkaon konpartsa osatu zutenean. Pandemia tarteko, orain arte ezin izan dute aurrez aurrekorik antolatu. Larunbatean kalejiran irten ziren, eta Sant Feliu de Llobregateko Udalak ongietorri ofiziala egin zien, oroigarri bat oparituta. Igandean, Kataluniako konpartsen bilkuran hartu zuten parte.
“Oso harrera beroa” jaso dutela eta, eskertuta daude Lazkaoko konpartsako kideak. Udalaren laguntza jaso dute Kataluniara joateko. Sant Feliu de Llobregateko kideekin elkarlanean jarraituko dute, eta 2023an kataluniarrak Lazkaora etortzea da hurrengo asmoa.
Lazkaoko konpartsak bi erraldoi (Mari eta Basajaun) eta zortzi buruhandi (arlotea, otsoa, dantzaria, ahatea, Lazkao Txiki, antzara, astoa eta tximista) dauzka.