Lazkaoko udal tasak eta zergak bere horretan geratuko dira 2023an
Igoerarik ez aplikatzea erabaki du Udalbatzak, aho batez, lehengo osteguneko osoko bilkuran. Hobari batek aldaketa teknikoa izango du, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan energia eraginkortasuna eta berriztagarrien alde jotzeko.
Lazkaoko Udalak biltzen dituen zergek eta kobratzen dituen tasek ez dute igoerarik izango, 2023ko ekitaldirako. “Izoztea” erabaki du udalbatzak. Lehengo ostegunean, urriak 13, egin zuten ezohiko bilkuran onartu zuten datorren urteko zerga-araudia, eta aho batez, aldeko botoa eman zioten EAJko eta EH Bilduko zinegotziek.
Herritar zergadunei “zama ekonomiko gehiagorik” ez jartzeagatik hartu du udalak zergak bere horretan uzteko erabakia. “Tasak eta udal zergak izoztea arduraz jokatzea da, herritarrek eta tokiko enpresa sareak bizi dituzten ondorioak arintzeko”, azaldu du Kepa Zubiarrain alkateak (EAJ). Kaltetutako sektoreen eta enpresen “susperraldi ekonomikoan sendotzen lagundu” nahi du horrekin.
Inflazioaren eraginak fiskalitatera igarotzea saihestuko du udalak. Hala eta guztiz, zergak igo gabe utzita, 70.000 euro inguru ez jasotzea ekarriko du. “Udalaren egoera ekonomiko sendoak salbuespenezko neurri hauek hartzea ahalbidetzen du”, argudiatu du alkateak.
Aldaketa bakarra, “teknikoa” eta hobari bat zabaltzeko
2023ko zerga araudiak hobari batean izango du aldaketa bakarra. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan %95eko hobaria jasotzeko aukera zabalduko da. Orain arte, eguzki-energia jartzeko obren zergei soilik aplikatzen zitzaien hobaria; aurrerantzean, energia berriztagarri mota gehiagotara zabalduko da deskontua. Etxebizitzetan eta hirugarren sektorean energia-eraginkortasuna hobetzea eta iturri berriztagarriak jartzea lagundu nahi du, pizgarri horrekin, udalak.