Lazkaon gaur hasi dira merkataritzako bonuak saltzen, eta herriko 58 saltokitan erabili ahalko dira
30 euroko prezioan erosi, eta 40 euroko erosketa egin ahalko da, %33ko gainbalioa lortuta. Udalak 2.000 bonu atera ditu, eta Lazkaoko 58 dendatan erabil daitezke. Nekazaritzako bonuak ere atera dituzte.
Lazkaon gaurtik aurrera martxan da merkataritzako bonuen seigarren kanpaina, Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? lelopean. Udaletxean eros daitezke, gaur goizetik. Bi mila bonu atera ditu udalak; bakoitza 30 euroan eskura daiteke, eta 40 euroko balioko erosketak egin ahalko dira gero.
Ohi bezala, 5 euroko zortzi zatitan banatuta daude bonuak. Hiru zatiki edozein dendatan erabili ahalko dira, janari dendetan barne. Beste bostak, aldiz, elikadurakoak ez diren gainerako dendetan soilik. Lazkaoko 58 saltokitan eta dendatan gastatu daitezke bonuak.
Bonuak udaletxean erosi behar dira, 08:00etatik 17:00etara. Plazan ere mahai bat jarriko dute, astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan, bonuak agortu arte. Zenbakituta eta eroslearen Nortasun Agiriarekin identifikatuta salduko dituzte; pertsona bakoitzak bost bonu erosi ahal izango ditu, gehienez. Eta beste pertsona bat ordezkatuz, haren NA erakutsita, beste hiru eros ditzake.
Baserrietako bonuak ere bai
Merkataritzakoez gain, nekazaritzako eta lehen sektoreko produktuak erosteko bonuak ere jarri dituzte salgai. 20 euro ordainduta, 35 euroko balioko erosketak egin ahalko dira horiekin (%75eko gainbalioa). 5 euroko zazpi zatitan banatuta dator bonu bakoitza, eta Lazkaoko bost baserritan erabili ahalko dira, haien produktuak erosten. Azaroaren 30era arte egongo dira baserrietako bonuak salgai.
Lazkaoko Udalak 2020an jarri zuen lehenbiziko aldiz abian bonuen kanpaina. Merkataritza, zerbitzuak eta tokiko ostalaritza suspertzeko planarekin, 730.000 euroko diru bolumena mugitu dela kalkulatu du udalak.