Lazkaon irakurketa feministako taldeak gaur du lehenengo juntadizoa
Iratxe Retolaza literatura kritikariak gidatuko du taldea. Hilean behin elkartuko dira, ekainera arte.
Lazkaon talde egitura eta hileroko maiztasunarekin biltzeko konpromisoa emango diote irakurketa feministari. Orain arte, noiz behinkako lanketak egin izan dituzte, gaiari lotuta. Aurrerantzean, eta Lazkaoko Jabetze Eskolaren hirugarren kurtsoan txertatuta, urte osorako ekimen gisa garatuko dute.
Irakurle eskola edo literatura talde modura funtzionatuko du, baina irakurbide feministak literaturan jorratzeko helburuarekin. Iratxe Retolaza donostiarra izango du gidari taldeak. Literatura-kritikaria, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakaslea da. UEUko Literatura sailburua ere bada, eta euskaltzain urgazlea.
Aurreneko saioa gaur (urriak 17) egingo du taldeak. Ondoren, hilero saio bana aurreikusi dute, honako egunetan: azaroak 21, abenduak 19, urtarrilak 16, otsailak 13, martxoak 13, apirilak 17, maiatzak 15 eta ekainak 12. Saio bakoitza 18:00etatik 20:00etara izango da.
Hotzaldiko katarroentzat erremedioak
Bestalde, Jabetze Eskolaren egitarauan, sendagai naturalen ikastarotxoa izango da azken ekimena. Ainitze Sala lazkaotarrak katarroentzat erremedio naturalak nola eta zerekin prestatu azalduko du. Bi saiok osatuko dute ikastarotxoa: bihar (urriak 18) eta bihar zortzi (urriak 25), 17:00etatik 20:00etara.