Pilotari profesionalen jaialdia jokatuko dute ostiralean Ataunen
Afizionatuen binakako partida batek eta Promozio mailako lau t'erdiko bi neurketak osatuko dute jaialdia. Iraitz Zubizarretak Salaberriaren aurka jokatuko du.
Iraitz Zubizarreta, Auzoeta pilotalekuan, 2020ko Banakako Txapelketako pilotak aukeratzeko saioan./Aimar Maiz Ataunen pilotari profesionalen jaialdi bat antolatu dute. Ostiralean, urriak 21, Auzoeta kiroldegian izango da, 19:00etan hasita. Promozio mailako lau t’erdiko bi norgehiagoka jokatuko dituzte, hiru partidako jaialdian.
Iraitz Zubizarreta herritarra ikusteko aukera izango da, azken partidan. Salaberriari aurre egingo dio Zubizarreta III.ak, Promozio mailako ‘kaiolako’ txapelketan, final-laurdenetako A taldeko neurketan.
Aurretik, txapelketa berean, Zabala eta Exposito pilotariek jokatuko dute. Jaialdiko lehenbiziko neurketa afizionatuena izango da, binakakoa, Ataun Kirol Elkarteak antolatua: Zubizarreta IV. ataundarrak eta Arroitak Arrillaga eta Ugartemendia izango dituzte aurkari.
Jaialdiko sarrerak 15 euro balio du (12 urtetik beherakoek 10 euro, eta Ataun Kirol Elkarteko haurrek doan). Troskaetan, Martintxon, Sutegin eta Errotaundin daude salgai.

Iraitz Zubizarreta, Auzoeta pilotalekuan, 2020ko Banakako Txapelketako pilotak aukeratzeko saioan./Aimar Maiz













