Aizkorri eta Itxaropen lotzen dituzten eskailerak konpontzen hasi da udala
Aurrekontu parte hartzaileetan legazpiarrek proposatutako lanetako bat da.
Aizkorri kalea eta Itxaropen auzoa lotzen dituzten eskaileren konponketa lanak hasi ditu udalak. Construcciones M.B. Antio S.L.L. ari da obra egiten, 158.494,57 euroko aurrekontuarekin. Lanek bi hilabete iraungo dute, eta bitartean eskailerak itxita egongo dira.
Eskailera hauek aurreko mendeko 1970eko hamarkadaren amaieran egin ziren, Itxaropen auzoko etxebizitzen sustapen pribatua egin zenean. Orduz gero, hainbat tarte berritu dira, 2017an azken aldiz, Iberdrola enpresak energia elektrikoaren linea lurperatu zuenean.
Orain, egoera txarrean dauden beste tarte batzuk berritzeari ekin diote, eskailera-mailak gaur egungo arauetara egokituta. Horrez gain, argiztapena ere aldatuko dute kontsumo baxuko LED argiak jarrita, eta Gipuzkoako Urak sozietateak hasieratik dagoen ur beltzen saneamendua hobetuko du. Barandak ere berrituko dituzte.
Eskailera hauen konponketa udaleko aurrekontu parte hartzaileetan herritarrek egindako proposamenetako bat da.