Beasaingo hogei denda ordutegi konpaktatura itzuli dira
Beasaindarrek balorazio "oso positiboa" egin zuten ordutegi-arrazionalizazioaren esperientzia pilotua aitzindariaren inguruan. Hamarretik bederatzik begi onez ikusten dute proba epeak luzatzea
Beasaingo hogei dendek ordutegi konpaktatua berreskuratu dute aste honetan. Hau da, ostiralera arte ordutegia 16:00etik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten saltokiek, Herrilab3B astearekin bat eginez. Ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia berri honekin, merkatariek euren beraien kontziliazio beharretan jarri nahi dute arreta eta bere ekarpena egin Beasain berdinzaleago bat lortzeko bidean.
Otsailean egin zuten lehen proba. Hilabetekoa izan zen orduan. Beasaindarrek balorazio “oso positiboa” egin zuten ordutegi-arrazionalizazioaren esperientzia pilotua aitzindariaren inguruan. Halaber, orduz geroztik egindako kale ikestetan ondorioztatu da herritarren gehiengoak ordutegi berriarekin aurrera jarraitzea begi onez ikusten duela. Galdetutakoen % 80k baino gehiagok uste du “egokia” dela itxierako ordu-tartea aurreratzen probatzea, eta hamar lagunetik bederatzi “ados” agertu ziren ekimena osorik edo zati batean hedatzeko. Hau da, urte osoan, hilabete jakin batzuetan edo urteko egun batzuetan.
Kataluniako kideekin bilera
Euskal Herrian halako proba bat egin zuen lehen herria izan zen Beasain. Baina Kataluniako Solsonako eta Cardonako merkatariek egina zuten bidea aurretik. Ostiral honetan herriko dendariek Solsonako eta Cardonako Garapen Agentziako zuzendariarekin, Gloria Dominguezekin, lan jardunaldia egingo dute, gogoetak eta esperientziak partekatu asmoz.