Ilintik komertzio zaharrei aitortza egingo die kanpaina berriarekin
Herriko merkataritzaren etorkizunari buruzko hausnarketa elkarbanatu nahi du elkarteak legazpiarrekin. 42 argazki zahar bildu dituzte eta erakusleihoetan jarri dituzte ikusgai. Lehiaketa bat ere badu kanpainak, eta 500 euroko saria banatuko dute.
Gure dendak, atzo, gaur eta bihar da Ilinti Legazpiko merkatari elkarteak bihar martxan jarriko duen kanpaina berriaren izenburua. Elkarteko dendetako erakusleihoak herriko merkataritzarekin zerikusia duten argazki zaharrez beteko ditu oraingoan.
Kanpaina honekin 500 euroko sari bat banatuko du Ilintik. Argazki zaharren gaineko galderak banatuko dizkie bezeroei txartel batzuen bidez, erantzun ditzaten. Galderen erantzunak asmatzen dituztenen artean, 500 euroko sari bat zozkatuko dute. Kanpaina hau bihar hasi eta azaroaren 5ean amaituko da.
42 argazki
Erakusketa honetan 42 argazki egongo dira ikusgai elkarteko dendetan, gehienak Lenbur Fundazioak utzitakoak. Irudiek Legazpiren historiaren zati bat islatzen dute, “gure komertzioaren iragana”, Ilintik adierazi duenez. “Garai bateko komertzio enblematikoak gure herriaren historiaren zati bat dira, gure nortasunaren marka bat. Herri mailako dendak izan ziren, gertukoak, herritarren arteko harremanak sendotu zituztenak”.
Argazkietan agiri diren dendetako batzuk desagertuta daude dagoeneko, baina beste batzuk garai eta kontsumo ohitura berrietara egokitu direla azaldu du Ilintik, “zerbitzua balioan jarrita, eta bezeroen konfiantza lortuta, gure kaleei bizitza eta argia emanez, azken finean”.
Erakusketa honen harira, Ilintik komertzio horien etorkizunari buruzko hausnarketa elkarbanatu nahi du herritarrekin, “Zer egongo da gure kaleetan?” galdetzen dute elkartekideek. Interneteko banaketa talde handiek komertzio txiki guztiak eta horrekin herriaren historiaren zati hori desagerrarazi egingo ote dituzten planteatzen dute. “Denok gara arduradunak, merkatariok gure bezeroen premia aldakorrei erantzuten jakin behar dugulako, eta bezeroak ere bai, hartzen dituzten erabakiekin komertzioek aurrera jarraitzen lagundu dezaketelako”.