Kontziliazioaren aldeko mezuak, pantailetan
Herriko pantaila informatiboetan herritarrak kontziliazio erantzunkidearen garrantziaz jabetuarazteko mezuak igorriko dira, aste osoan zehar, Herrilab3B astearekin sinkronizatuta
Kontziliazioaren aldeko sentsibilizazio kanpaina abiatu du Herrilab3Bko talde eragileak. Herriko pantaila informatiboetan herritarrak kontziliazio erantzunkidearen garrantziaz jabetuarazteko mezuak igorriko dira, aste osoan zehar, Herrilab3B astearekin sinkronizatuta. Zehazki, emakumeen eta gizonen berdintasuna zailtzen duten egiturazko joerak, estereotipoak, genero rolak eta ohiturak azaleratu nahi dira. Izan ere, nahiz eta talde eragileak aurrera pausoak izan direla egiaztatu, emakumeek eta gizonek familia-bizitzan eta lan merkatuan duten zeregina desberdina dela oraindik ere ondorioztatu dute eta honek eragin negatiboa duela emakumeengan.
Sentsibilizazio ekintza honen bidez, emakumeek etxeko nahiz zaintza lanetan tradizionalki bete behar izaten duten karga eta desorekan arreta jarri nahi da. Lan profesionalaz aparte, zaintza eta etxeko lan nagusiak euren gain erortzen jarraitzen direlako sarri. Sentsibilizazio kanpaina honek azaldu nahi du desoreka hori konpontzeko gizonezkoek asko dutela egiteko. Hau da, kontziliazio erantzunkidean eta berdintasunean aurrera egiteko gizonezkoen partaidetza ezinbestekoa dela. Aldi berean, komunitateak bere osotasunean –erakundeek, enpresek, herriko eragile eta elkarteek– aurrera pausoak eman behar dituela adierazi nahi da.