Anubis, Aritz Aranbururen zaldi arabiarra, Espainiako dotoreena
Bi urteko arabiar arrazako moxalen artean ez dago bera bezain dotorerik. 100 puntutik 90,6 eman zizkioten epaileek
Aritz Aranbururen SGC Anubis zaldiak Espainiako txapelketa irabazi zuen asteburuan. Hau da, bi urteko arabiar arrazako moxalen artean ez dago bera bezain dotorerik. 100 puntutik 90,6 eman zizkioten epaileek. «Ez genuen halako emaitzarik espero eta oso gustura gaude», aitortu du Aranburuk.
Zaldia bost ikuspuntutatik puntuatzen dute: itxura orokorra, burua eta lepoa, enborra, gorputz adarrak eta mugimenduak; bakoitzean 20 puntu banatzen dira, eta guztiak batuta gehien duenak irabazten du. Adinaren arabera banatzen dira, eta multzo bakoitzeko garaileak elkarren aurka lehiatzen dira guztietan ederrena zein den ebazteko.
Dotoreenetan dotoreena ebazteko final handian bigarren amaitu zuen. Regio Le Soleil hiru urteko moxalak gainditu zuen.
Oporrak
Aho zapore onarekin amaitu dute denboraldia. Izatez, azaroan amaituko da denboraldia, Parisko Munduko Txapelketarekin. Federazio bakoitzeko txapeldunak lehiatuko dira bertan, baina Aritzek eta Anubisek ez zutenez espero horren emaitza onik, aurreinskripziorik ez zuten egin. Epea agortuta dago.
Aritz datorren sasoiari begira dago, ondorioz. Egun batzuetan atseden hartu eta hotzean etorkizuna diseinatzen hasiko dela iragarri du. Anubis Galizian dago egunotan, prestatzaile batekin: beharbada, han igaroko du negua. Espainiako txapelketa irabazi ostean izena lortu du zaldiak eta kubrizio garaian katxe altuagoa izango duela azaldu du jabeak. Galizian Euskal Herrian baino mugimendu handiagoa dago; aldiz, etxera ere ekarriko luke Aritzek, familia guztia batera izateko.
100 zaldi
Espainiako Txapelketa Cordobako Kristau Erregeen Alkazarrean jokatu zen. Ehun zaldi baino gehiago aritu ziren elkarren aurka.