Basapiztia esnatu da berriro
Ordiziarrock jaialdiaren 19. edizioan berriro ere oholtza gainera igoko da Izurri Berria talde ordiziarra. Joni bateria-jotzailea, Egoitz baxua, Riki eta Enrike gitarrak eta Eneko ahotsa, dira oraingo kideak.
Azken kontzertua Tolosako Cheyenne motozaleen aretoan izan zen, 2002 urte hasieran, azken kontzertu horrekin, 80 edo 90 inguru kontzertu joko genituen guztira. Lehena ere Tolosan izan zen, 1990. hamarkadaren hasieran, igerilekuetako taberna zaharrean, Exhibicion de Atrociidad Beasaingo lagun zaharrekin batera», gogoratu dute Izurri Berria taldeko kideek.
1980ko hamarkadaren bukaeran, punk eta rock erradikalaren garaia beherantz zihoan eta beste mugimendu batek hartu zuen indarra Euskal Herrian. Heavy eta Metal doinuak lantzen hasi ziren talde asko. Goierrin ere bai. Ordizia eta Beasaingo gazte talde bat elkartzen hasi zen entseatzeko, eta hala sortu zen Izurri Berria taldea, 1991. urtean. Enrike, Gorka Patxi Bolas, Erri, Axier eta Eneko ziren, eta Patxiren bederatzi metro koadroko baxeran hasi ziren jotzen.
Taldea sortu eta 30 urte ondoren, berriro oholtzara igoko dira, eta aspaldiko kontuak ekarri dituzte: «Gazteak ginen, asko gozatu genuen, baita barre asko egin ere, basati hutsak ginen, eta ezarritako ordena orori ostikoak ematen genizkion, ekintza zuzena praktikatzen genuen, maitasun librea, pentsamendu askea praktikara eramaten genuen eta, noski, taldearekin, hori guztia ateratzen genuen inongo lotsarik gabe», diote barre artean.
Bizipenak, kontaezinak asko, baina batek baino gehiagok gogoratuko duenik ekarri dute, Ordiziako Gaztetxean kontzertua eten zutenekoa adibidez: «Jende guztia saltoka, zorua ere mugitzen hasi zen, azkenean beldurtu eta guzti egin ginen eta kontzertua eten genuen, jendea lasaitu zedin». Istorio gehiago ere bai, «Amebi eta Pelaez euskal borrokalari lazkaotar nekaezinak ziren, zaila da esaten zenbatetan utzi ziguten ekipoa zuzenekoetarako, baita Arrano Beltzeko eta Drindotseko furgoneta ere, a ze abenturak!».
Bi EP argitaratuta
Aurretik beste grabaketa batzuk egin bazituzten ere, aurreneko disko luzea 1998. urtean iritsi zen, Izurri Berria izenburupean. Ordurako Jon Jaular tolosarra zen taldeko bateria jolea. Harrera ona izan zuen, eta kontzertu ugari eman zituzten urte haietan, batez ere plaza eta frontoietan.
Bigarren disko bat ere grabatu zuten, 2001. urtean: Kontuz, deabruaren legea. Lan horretarako, ospe handiko kolaborazioak izan zituzten, tartean Evaristo, Auo Etsaiak, Iñigito Txapelpunk eta Aitor Sutagar.
Carlos Kreatorrekin grabatu zituzten bi diskoak. «Lehenengoa momentuko banda askok bilatzen genuen soinu tipikoarekin, eta bigarrena, eskola ingeles zaharreko rock-heavy-tik hurbilago dagoen soinu batekin. Horrela, momentuko euskal eszenan zegoen soinutik urrundu ginen».
Inflexio puntua
Hainbat arrazoirengatik desegin zuten taldea, baina batez ere «bigarren diskoa atera eta gutxira, Iranzuegi, Axier, minbiziak jota hil zelako». Ordurako hainbat data lotuta zituzten eta taldekide izandakoari omenaldi bira egin zioten.
Leku askotan jo zuten, «Bilboko kafe antzokian, Altsasuko gaztetxean inauterietan edo Ordiziako gaztetxean jaietan, Katalunian Ribasko jaietan, frontoietan…eta oso gustuko genituen taldeekin jotzeko aukera izan genuen, Koma, Barricada, Etsaiak… Baina jada ez zen gauza bera, hamar urte baino gehiago generamatzan elkarrekin, egunero entseatzen, ia asteburero kontzertuak jotzen, eta hori egiten ez genuenean ere elkarrekin egoten ginen Ordiziako Gaztetxean».
Iranzuren heriotza «inflexio-puntua» izan zen, eta karteldegietan «hazten» ari baziren ere, «penaz hiltzen» ari zen taldea. «Umiltasun- eta eskuzabaltasun-urteak igarota zeuden, eta arrotz zitzaigun eszena handiago batean sartzea, beraz, ez geunden oso ziur, eskatzen zigun dedikazioa eta estresarekin ahalko genuen».
Gaurkotasuna galdu gabe
Duela 30 urte sortutako abestien mezuek, gaur egungo testuinguruan oraindik zentzurik ez dute galdu; «Errealitatetik libratzen eta ezkutatzen saiatzea, ilunpetako mutilei karta zuria ematea litzateke, gainean kaka egiten ari zaizkigu eta zatituta nahi gaituzte. Herrialde arabiarretan inoiz ez bazen hainbeste burka ikusi, mendebaldekoetan inoiz ez ziren hainbeste sexualizatu gizon eta emakumeak. Mendebaldeko langileak beldurrarekin hipnotizatu gaituzte lan egitearekin, ordaintzearekin eta isiltzearekin konformatu gaitezen, eta ahotsa altxatzen saiatu diren tokietan, zapaldu egin dituzte betiko miserietan ito daitezen. Esateko zerbait izango dugu, ala ze ostia!».
Urte hauetan guztietan behin baino gehiagotan izan dute bueltatzeko tentazioa, eta saiakeraren bat edo beste egin dute baina «kontua da taldea agurtu genuen guztiok izatea nahi genuela, hau da, Joni bateria-jotzailea, Egoitz baxua, Riki eta Enrike gitarrak eta Eneko ahotsa».
Azkenean, Idiazabalen, maiatzean ospatu zituzten jai alternatiboetan itzuli ziren. «Ordiziarrock baino lehenago beste nonbait jo nahi genuen» azaldu dute 30 urte eta gero, Ordiziarrock jaialdiaren 19. edizioan jotzeko bi egunen faltan.
Ordiziarrocken joko zutela segituan zabaldu zen, «askok galdetu digute oholtzara igoko garelako berriro eta animoak ematen dizkigute». Itzulera, «oinak lurrean» egingo dute, «beti izan gara banda apal bat eta horrela izango da aurrerantzean ere, amerikarrek eta errusiarrek lehenago hiltzen ez bagaituzte behintzat». Ostiral gaua ixteko ardura izango dute. «Bihotza eskuan igoko dira oholtzara».