«Museoak gustatzen zaizkit eta margotzen ikastea erabaki nuen»
Margari Guijarrok (Villacastin, Espainia, 1944) pintura eta marrazki erakusketa ireki du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Eskulanetan ere oso trebea da.
Segovian jaio zinen. Noiz eta nolatan etorri zinen Zumarragara?
Villacastin izeneko herrian jaio nintzen. Madril-A Coruña autopistaren ondoan dago. Dena den, ez dut ondo ezagutzen. Izan ere, umea nintzenean Bernardos herrira joan ginen. 12 urte bete nituen arte bizi izan ginen bertan. Ondoren, Zumarragara etorri ginen. Hiru anai-arreba gara eta hiruak toki ezberdinetan jaio gara. Gerra ondorengo urteak gogorrak izan ziren eta alde batetik bestera ibili ginen, etorkizun hobe baten bila.
Nolatan etorri zineten Zumarragara?
Nire anai nagusia izan zen etortzen lehena. Anton Arbulu alkate ohiaren aitaren tailerrean lan egin zuen. Ondoren, gainontzekook etorri ginen. Aitak Irimo enpresan lan egin zuen.
Zuk non lan egin zenuen?
Busca familiaren zumezko altzarien lantegian. Elizaren ondoan zegoen. Oso besaulki eta mahai politak egiten genituen. Oso lan polita zen.
Eskulanetarako abila izanik, primeran lan egingo zenuen…
Oraindik ez nintzen eskulan zalea. 17 urte besterik ez nituen bertan lanean hasi nintzenean. Lau bat urte eman nituen bertan lanean. Andres Txintxurreta bizilagunak Urola kaleko Medo tailerrean neska bat behar zutela esan zidan eta bertara joan nintzen. Estufak-eta egiten genituen. Asteburuetan Gau-Txori tabernan lan egiten nuen. Ezkondu arte lan egin nuen etxetik kanpo. Fabrikako lana ez nuen gustuko. Koipe artean ibiltzea…
Noiz hasi zinen eskulanak egiten?
14 urterekin brodatzen ikasten hasi nintzen. Etxetik kanpo lan egiteari utzi nionean, brodatzaile bezala lan egiten hasi nintzen. Etxean lan egiten nuen. Zenbat izara brodatu ote ditut! Zumarragako eta Urretxuko familia gehienek nik brodatutako izarak izango dituzte! Egungo gazteek ez dituzte izara horiek nahi. Kotoizkoak dira, plantxatzeak lan handia ematen du… Gortinak ere brodatu nituen, Arrieta eta Mi Tienda dendentzat. Baina dagoeneko gortinak ere ez dira erabiltzen! Duela zortzi urte utzi nion gortinak brodatzeari: belauna gaizki nuen, senarra gaixo zegoen…
Beste eskulan batzuk ere egiten al dituzu?
Ehoziri-lanak eta patchwork-a egiten ere ikasi nuen. Gainontzeko guztia, nire kasa ikasi dut: puntua, kakorratza… Aldizkariak irakurriz, adibidez. Lehen ez zegoen Internetik!
Ikastaroak eman al dituzu?
Ez. Ikastaroak nire ahizpa Milak ematen ditu. Anai bat ere badut eta hori ere oso ona da eskulanetan. 86 urte ditu eta artista da. Lanparak, ehoziriak… egin ditu. Egun Burgoseko herri batean bizi da eta museo bat du. Bere bizitzari buruzko liburua idazten ari da.
Nolatan hasi zinen margotzen?
Museoak asko gustatzen zaizkit eta margotzen ikasteko gogoa nuen. Nire kasa hasi nintzen, 2008an, arkatzarekin. Ondoren, margolanak egiten hasi nintzen, senitartekoentzat eta lagunentzat. Duela urte batzuk, isurtze akrilikoa izeneko teknika erabiltzen hasi nintzen. Oso zikina da eta ur asko behar da. Iaz, berriz, akuarela egiten hasi nintzen. Ikastea gustuko dut. Akuarela ez da erraza, baina material eta toki gutxi behar da.
Zeintzuk dira zure gustuko gaiak?
Loreak asko gustatzen zaizkit. Baina, tira, Bob Marley-ren erretratua ere egin dut, semeak eskatuta. Pintura abstraktua ere egiten dut.
Zumarragako Udalak zuk egindako marrazki bat erabili zuen koronabirusaren biktimei egindako omenaldia iragartzeko.
Nire senarraren heriotzaren lehen urteurrenean egin nuen. 2014tik nire Facebook-ean egun ona opa diot mundu guztiari eta senarraren heriotzaren lehen urteurrenean marrazki hori jarri nuen: txori bat, ahoan bihotz bat duela. Mezua ere jarri nuen: Gaur bereziki oroitzen zaitugu. Gure bihotzak zurekin hegan egiten du, infinituraino eta harago. Senarra pandemia garaian hil zen, udalari marrazkia gustatu zitzaion eta omenaldirako hautatu zuen.
Astelehenean erakusketa inauguratu zenuen.
Oso urduri jarri nintzen. Oso urduri jartzen naiz jende artean. Hori dela eta, ikastaro gutxi egin ditut.
Gaztelarra zara jaiotzez. Zer moduz moldatu zinen Zumarragan?
65 urte daramatzat bertan. Zumarraga da gure herria. Nire haurtzaroa Bernardosen eman nuen. Oso haurtzaro polita izan zen, baina Bernardosen ez dut ezer. Txiroak ginen eta ez genuen etxerik utzi bertan. Pasadizoan geunden eta ez gara itzuli. Kanpotik etorri ginen, baina Zumarraga da gure herria. Nire seme-alabek eta bilobek euskaraz dakite.