Txileko pilota selekzioak Zumarragan prestatu du Munduko Txapelketa
Igandetik aurrera Miarritzen jokatuko den Munduko Pilota Txapelketan parte hartuko duten Txileko selekzioko pilotariek Zumarragan entrenatu dute gaur. Frontball modalitatekoek, hain zuzen ere. Beloki elkarteko pilotariekin eta pilota txapelketa herrikoian parte hartu ohi duten Asier Oliveira, Mikel Rodriguez, Iker Aleman eta Jon Urtzelairekin entrenatu dute.
Ordizian eta Zestoan bizi diren Mikel Zuloaga eta Ignacio Fouilloux Txileko selekzioko pilotariek Zumarragan entrenatzen dute, Beloki elkarteko pilotariekin, eta beraiek izan dira frontball-eko kideak Zumarragara ekarri dituztenak.
Bi txiletar hauek urte bat baino gehiago daramate Zumarragan entrenatzen. “Beraien neskalagunak euskaldunak dira. Txileko Euskal Etxe batean ezagutu zituzten eta ondoren Euskal Herrira etorri ziren. Zuloagak Ataunen entrenatzen zuen. Partida batean elkar ezagutu genuen, lagunak egin ginen eta gurekin entrenatu nahi zuela esan zidan. Ondoren, Ignacio etorri zen”, azaldu du Beloki elkarteko Iñigo Vianak.
Zuloagak eta Fouillouxek ezker paretako modalitatean parte hartuko dute Munduko Txapelketan. Zuloaga atzelaria da eta Fouilloux aurrelaria.