Rubik kuboaren munduko mapan
Jon Alberdik Euskal Herriko eta Espainiako Rubik kuboaren lehiakide onenak ekarriko ditu herrira, abenduaren 17 eta 18rako antolatu duen Legazpiko lehen Rubik Opena jokatzeko.
Rubik kuboaren Legazpiko lehen Opena edo txapelketa irekia jokatuko da abenduaren 17an eta 18an Bikuña kiroldegian, punta-puntako jokalarien partaidetzarekin. Jon Alberdi Gardek (Legazpi, 2011) antolatu du, gurasoen laguntzarekin.
Speedcubing deitzen den modalitatea izango da. Hau da, kuboa zenbat eta azkarrago osatu, hobe. 50 jokalari izango dira gehienez. Kupoa bete da dagoeneko, baina oraindik izena eman daiteke irekiaren webgunean, hutsuneren bat gertatuz gero parte hartzeko.
Iaztik lehian
Madrilen izan berria da Alberdi, Espainiako txapelketan. «Nire helburuak beteta etorri naiz, gustura nago kubo klasikoa osatzen 30 segundoko markatik jaitsi naizelako; behin 17 segundotan osatu nuen gainera». Kontuan izan behar da txapelketa horretan espainiar batek 5 segundotik beherako denbora egin zuela lehen aldiz, eta munduko errekorra 3 segundo eta 41 milesimetakoa dela.
Legazpiarra iaz hasi zen lehiatzen. Txikiago zenean ezagutu zuen kuboa, baina pasa den urtean heldu zion serio. Bideo tutorialei begira jarri, praktikatu eta poliki-poliki mundu mailan ezaguna den buruhauste-jolas mekaniko hori ebazteko behar zuen denbora jaisten joan da. Txapelketetara joaten hasi zen gero, eta Iruñera, Lleidara (Herrialde Katalanak), Salamancara (Espainia)… joandakoa da.
Rubik kuboarekiko zaletasuna hainbestekoa du, Legazpiko txapelketa antolatu zuela iazko abenduan. Maiatzean bigarren edizioa antolatu zuen, eta Espainia mailako jokalari onenek parte hartu zuten: Eder Olivenciak, Julen Simonek, Julen Perugorriak eta Ibai Tobarrek.
Orain, Espainia mailako txapelketa honekin, Rubik kuboaren Legazpiko historiak hirugarren kapituluari helduko dio. Abenduko hau, txapelketa ofiziala izango da, eta errekorren bat egiten bada, erregistro ofizialetan jasota geratuko da.
Punta-puntako partaideak
Txapeldun ugarik parte hartuko dute. Horien artean, mundu mailan hamar onenen artean dagoen Antonie Paterakis greziarra izango da. Mundu mailako beste erreferente bat den Berta Garcia kataluniarrak ere parte hartuko du.
Legazpiko lau partaide ere izango dira. Jon Alberdirekin batera, bere aita Aitor, herriko lehen txapelketa irabazi zuen Pawel Walczyk eta Ibai Olano.
Bikuña kiroldegian izango da lehia, bi egunetan banatuta. Kuboaren modalitate desberdinetan, errondak egingo dituzte kanporaketa moduan, eta bakoitzean bost alditan osatu beharko dute kuboa partaideek, batez besteko denbora hartuta kontuan. Azken errondako denborak izango dira baliagarriak sailkapenerako, eta litekeena da partaideren batek errekorra egitea. Sari ugari egongo dira, eta opariak zozkatuko dituzte.
Legazpi, munduko mapan
Jon Alberdi ez dago bakarrik txapelketaren antolaketaren atzean. Aitor eta Idoia gurasoak ondoan ditu, eta Julio Perugorria eta Ruben Lopez laguntzen ari dira. Legazpiko Udalak ere parte hartu du antolaketan, eta herriko hainbat enpresek ere diruz lagundu dute.
Maila handiko hitzordua izanda, lehiatzera etorriko direnez gain, Rubik kuboaren jarraitzaile ugari ere hurbilduko dira Legazpira, eta horrek eragina izango du ostalaritzan eta alojamenduetan, adibidez.
Txapelketa honek, beraz, toki nabarmenean kokatu du Legazpi Rubik kuboaren munduko mapan, eta Legazpik gehiago ikasiko du Rubik kuboaren gainean. Horixe da, hain zuzen, antolatzaileen helburua: Rubik kuboa ezagutzera ematea. Horretarako, hainbat saio egin nahi dituzte ikastetxeekin, baita pertsona nagusiekin ere.