Euskararen erabilerak behera eginda ere, euskara da nagusi Itsasondon
Iazko ekainean Uemak egindako kale neurketak %70ean kokatu du euskararen erabilera, azken neurketan baino 12 puntu beherago. Umeak dira euskaraz gehien egiten dutenak.

Datu soziolinguistikoak eta 2021 urteko euskararen kale erabilerako datuak aurkeztu ditu Uemak Itsasondon. Aurrera begira, euskara politika egokiak garatzeko ezinbestekoak dira datuok.
Euskararen ezagutzari buruzko azken datuak 2016koak dira; horien arabera, herritarren %77k dakite euskaraz Itsasondon. Horretan oinarrituta kalkulatu da espero daitekeen erabilera. Udalerriko ezagutza datuak oinarritzat hartuta eta Txillardegiren formula ezarrita, %52 da Itsasondon esperotako kale erabilera.
Kalean neurtutako erabilera, ordea, handiagoa da, 18 puntu handiagoa. 524 elkarrizketa eta 2.090 solaskide izan zen lagina, iazko ekainean zehar egin zen kale ikerketan. Emaitza da, euskara dela kaleko hizkuntza nagusia Itsasondon (%70) eta aurreko neurketarekin alderatuta —2017 urtean egin zena—, 12 puntu jaitsi da. Gaztelaniari dagokionez, %28 mintzo dira hizkuntza horretan udalerriko kaleetan, 2017an baino hamar puntu gehiago, eta gainerako hizkuntzen erabilera %2koa da.
Emakumeen eta gizonen artean, lehenengoak daude aurretik; emakumezkoen %73ak erabiltzen du euskara kalean eta gizonezkoen %68ak.
Adinaren arabera, umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak kalean (%88), eta gazteak (%83). Adinean gora egin ahala, jaitsiz doa euskarazko jarduna. Gutxien, adinekoek egiten dute, baina gehienek betiere (%55). Beste hizkuntzei dagokionez, gazteetan hitz egiten da gehien (%10) eta ondoren heldu gazteetan (%5). Adinekoetan ez da beste hizkuntzarik.
Aurreko neurketarekin alderatuta, helduetan eta adinekoetan dago alde gehien. Umeetan ez da egon halako aldaketarik, eta gazteetan koskatxo bat igo da erabilera.
Jolastokian, behera
2022 urteko martxoan Urkipe Herri Eskolako jolastokian egindako neurketaren emaitzak ere aurkeztu zituzten. Guztira, 367 elkarrizketa behatu ziren, eta horien bidez, 1.033 solaskideren jarduna. Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko ikasleen jarduna behatu zuten. 2022ko martxoan egin zen neurketa, astebetez.
Uemak egindako ikerketak ondorioztatu du, euskara dela hizkuntza nagusia; %60,8k erabiltzen dute. Gaztelaniaren erabilera %38 da. Beste hizkuntza batzuetan entzun dira ikasleen %1,2.
Sexuaren arabera, nesken artean erabilera handiagoa da (%67,3), mutilen artean baino (%56,9). Beste hizkuntza batzuen erabilera ere ugariagoa da nesken artean.
Ikasmaila batetik bestera alde handia atzeman dute. LH3-4 eta LH5-6 zikloetan egiten da gehien euskaraz; eta HH2 zein HH5 mailetan, gutxien. Diferentzia handiak daude talde batetik bestera, eta ez dago joera jakin bat: gorabeheratsua da egoera.
Datuok hobetze aldera, hainbat ekintza jarri dituzte abian. Atzo adibidez, Nola eragin gure seme-alaben hizkuntza ohituretan hitzaldia izan zen. Ispiluari begira izeneko jarduera ere egingo dute, urriaren 24an. Ikasleekin eta gurasoekin egingo dute. Eta Gaztelekuan, Gazteok salto! izeneko jarduera egingo dute, azaroaren 4an.