Merkataritzako bonu kanpaina hasi da Lazkaon, %33ko balioa udalak erantsita
Lazkaon astelehenetik martxan da merkataritzako bonuen seigarren kanpaina, Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? lelopean. Bi mila bonu atera ditu udalak; bakoitza 30 euroan eskura daiteke, eta 40 euroko balioko erosketak egin ahalko dira gero. Hau da, %33ko gainbalioa lortuko du erosleak, diferentzia udalak finantzatuta.
Udaletxean eros daitezke bonuak, egunero 08:00etatik 17:00etara. Plazan ere mahai bat jarriko dute, astelehen goizetan eta ostiral arratsaldeetan, bonuak agortu arte. Zenbakituta eta eroslearen Nortasun Agiriarekin identifikatuta salduko dituzte; bakoitzak bost bonu erosi ahal izango ditu, gehienez.
Bost zatitan banatuta
Ohi bezala, 5 euroko zortzi zatitan banatuta datoz bonuak. Hiru zatiki edozein dendatan erabil daitezke, janari dendak barne. Beste bostak, aldiz, elikadurakoak ez diren gainerako dendetan. Lazkaoko 58 saltokitan eta dendatan gastatu daitezke bonuak.
Nekazaritzako eta lehen sektoreko produktuak erosteko bonuak ere jarri dituzte salgai, azaroaren 30era arte. 20 euro jarrita, 35 eros liteke, bost baserritan.













